Ikust Alaia eraikinean areto bat egokitu du udalak hileta zibilak egiteko. Behin-behinean egongo da bertan, kokaleku iraunkorra bilatu arte.
Ikust Alaian jarriko dute. behin-behinean, hileta zibilak egiteko aretoa.
2015eko abenduko udalbatzarrean baiezkoa eman zion Irungo Udalak hirian hileta zibilak egin ahal izateko espazio bat izateari. Jada erabaki dute non eta noiztik egin ahal izango diren gisa horretako hiletak: Ikust Alaia eraikinean, astelehenetik aurrera. Nicolas Gerendiain Errepublikazaleen Elkarteak aurkeztutako mozioaren bidez hartu zuen erabakia duela ia bi urte Irungo Udalak.
Behin-behineko kokapena izango dute hileta zibilek bertan, udalaren asmoa baita museo bat jartzea eraikinean.
Azken asteetan udala eraikineko areto bat egokitzen, eta erabilera protokoloa fintzen izan da. Hala, horren arabera Ikust Alaiako beheko solairuan dago ezarrita hileta horiek egiteko aretoa, eta hori erabiltzeko prest astelehenetik larunbatera egongo da, arratsaldez beti.
Prozedura
Hileta zibilak Ikust Alaian egiteko inprimakia bete behar da. Hori, udalaren webgunean eskura daiteke. Behin erabiltzaileak eskaera orri hori beteta, ekitaldia egin eta bi egun lehenagoko aldearekin gutxienez aurkeztu behar du Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegoan (San Martzial kalean dago). Udalak pertsona bati emango dio Ikust Alaia ireki eta ixteko ardura, eta era berean, megafonia zerbitzua egongo da.