Gaurtik igandera bitarte, eskulangintzaren ‘Harri-orri-ar’ azokak lehen aldiz zabalduko ditu ateak Ficoban. 40 erakusketariez gain, eskulanak hutsetik sortzeko tailerrak eta ‘masterclass’-ak antolatu dituzte.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Arropa, altzariak, apaingarriak… Eskuz egindako produktuek geroz eta arrakasta gehiago dute herritarren artean. Ingelesetik datorren
handmade korronteak hazkunde nabarmena izan du azken urteotan Euskal Herrian. Horrela, eskulan bat hutsetik sortzeko joerak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Bestelako esparrutan bezalaxe, eskulangintzan espezializaturik dauden azoka mordoa egiten dira egun. Irungo Ficoba erakustazoka ez da atzean geratuko, eta Bidasora eskulangintzaren
Harri-orri-ar azoka erraldoia ekarri dute, bidasoarren artean artisautza zaletasunari bultzada emateko eta eskualdeko sortzaileei ateak zabaltzeko. Gaur, 11:00etan zabalduko ditu ateak, eta igandera bitarte eskulangintzaren txoko nagusia bilakatuko da.
Nondik dator izen bitxia? Harri-orri-ar kontzeptua, Ficoba Fundazioaren zuzendariaren ondoko Elena Casuso antxotarrak argitu duenez, harria, orria eta artazia hitzen arteko haurren jolasa islatu nahi izan dute: «Azokan aurki daitekeenarekin zerikusi zuzena du hitzak». Harria, orria eta artazia, besteak beste, eskulangintzarako edota artisautzarako beharrezko elementuak izaten dira, hortik izenaren arrazoia, beraz. Gainera, gaztelaniaz zein frantsesez hitz egiten dutenen artean ere hiru hitz horiek biltzen dituen jolasa ezaguna dela zehaztu du Casusok, eta hortaz, erakargarriagoa izango dela.
Harri-orri-ar Ficoba Fundazioak espresuki sortu nahi izan duen egitasmoa da. Ficobako kideak nabarmendu du sektoreak proiekzioa duela, «sekulako hazkundea izan du, eta hortaz, komunitate hori azoka batean elkartzea aproposa ikusi dugu». Bizkaian, Bartzelonan, Madrilen edota Ipar Euskal Herrian ohikoak diren arren, estreinakoz iritsi da azoka Irunera. Artisautzaren munduan aditua den Evident Events enpresa bartzelonarrarekin elkarlanean sortu dute egitasmoa.
Azoka, «azken Do it yourself joerak eta berritasunak ikusteko, bizitzeko, usaintzeko, ukitzeko eta sentitzeko» gune bezala definitu dute antolatzaileek, «saltzen, asmatzen, sortzen, bilatzen, ezagutzen eta partekatzen dutenentzat» sortua.
Ez da orain arte gertuko herrietan egin diren artisautza azoka klasikoak bezalakoa. Eskuz egindako produktuak ikusi eta erosteko aukera emateaz gain, bisitariei eskulangintzaren munduan sakontzeko aukera emango die, eurek nahi duten pieza sortzen ikasi eta bertan eskuz egiteko. Horrela, erakusketariez gain, bisitariak ere protagonista bihurtuko dira, euren sorkuntza plazaratzeko aukera izango baitute.
Hiru unibertso, mila aukera
Azokari izena ematen dioten hiru elementu horiek garrantzia handia izango dute datozen hiru egunetan. Guztira, berrogei bat erakusketari izango dira milaka metro koadroko pabiloi oso batean, baina berezitasun batekin. Harri, orri eta artazia hitzak ildo nagusi bezala hartu dituzte, eta hiru unibertso ezberdinetan banatu dute erakusketarien eremua. Lehenak,
Harria unibertsoa-k, etxearen dekorazioarekin, birziklapenarekin, hiri baratzearekin, lorezaintzarekin edota xaboiekin zerikusia duten postuak eskainiko ditu.
Papera unibertsoa espazioa, berriz, eta hitzak iradokitzen duen gisara, papergintzarekin, koadernaketarekin,
scrap edota
decoupage-aren zale guztiei bideratutako eremua da. Hirugarren eremua, Guraizeak unibertsoa da. Bertan, oihal, artile, botoi, hari edota
parchwork modalitatearekin zerikusia duten hamar bat postu ipiniko dituzte.
Hiru gune berezi horiez gain, sorkuntzarako gune aproposa ere prestatu dute Ficoban. Bertan, bisitariek harriak, orriak eta artaziak ardatz bezala hartuz, gehien maite dituzten eskulanak sortzeko aukera izango dute. Guztira, beste berrogei bat tailer antolatu dituzte, askotarikoak eta adin tarte guztientzat bideratuak. Eta horretarako, esperientzia horietan aditu diren hamaika gonbidatu izango dira azokan. Casuso: «Tailerrak ematera eskulangintzaren munduko jende ezaguna ekarriko dugu».
Horretarako,
masterclass formatua ere erabiliko dute, hamabi solasaldirekin. Poltsiko guztietara bideratutako tailerrak antolatu dituzte: doako tailerretatik hasita, berrogeita bost eurokoetaraino.
Haurren tailer guztiak doan dira, baita zortzi urte azpikoen azokarako sarrera ere. Helduek, 3 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Tailer eta
masterclass guztien informazioa,
www.harri-orri-ar.com helbidean eskuragarri dago.
Gipuzkoa osoan, eskulangintza ikusi, ikasi eta eskuz sortzeko aukera ematen duen lehen azoka da gaur Irunen estreinatuko dutena. Jendetza espero dute antolakuntzatik. Proposamenaren lehen ekitaldia izan arren, ibilbide luzekoa eta urtero errepikatu ahal izatekoa izango dela uste dute Ficobako arduradunek.
Gaur, bihar eta etzi, 11:00etatik 20:00etara, inguruko eskulangintzaren zale guztiek badute begiekin zer ikusi, eta eskuekin zer sortzeko txokoa.