Erriberako euskalgintzari hauspoa eman nahi dio Errigorak, Nafarroa hegoaldeko nekazal ekoizpenen gainbeherari erantzutearekin batera.

Errigorak udazkeneko kanpaina Errenteria-Oreretan aurkeztu zuen pasa den astean.
Errigorak hasi du udazkeneko kanpaina, bosgarrenez. Duela astebete abiatu zuen Errenteria-Oreretako Xabier Olaskoaga plazan, Oarsoaldeko hainbat eragile eta norbanakok babestuta egin zuen aurkezpenarekin. Errigoraren kutxak pilatuta irudikatutako zubi azpian bildu ziren kanpainaren berri emateko, eta aurreko lau urteetan Nafarroako hegoaldeko euskalgintzak hain beharrezkoa duen laguntza lortzeko iniziatibak jaso duen uzta zein den azaltzeko.
Kanpainari hasteko Errenteria aukeratu izana ez da ausazko aukeraketa izan, Xabier Gojenola Errigorako kideak esan duenez: «Babes handia jaso du Errigorak Oarsoaldea eta Bidasoan, batez ere Errenterian eta Oiartzunen. Harrera oso beroa izan zen hasieratik eta jende dezente mugitzen hasi zen, batez ere bi herri horietan. Apurka, Pasaian, Irunen, Lezon, eta Hondarribian gehitzen joan ziren. Eskualde oso potentea izan da, oso dinamikoa. Gaiarekin oso kontzientziatuta daude bi eskualdeak, eta iniziatiba honekin oso harreman estua egon da urte hauetan, horri keinu bat egiteko erabaki genuen Errenterian egitea hasiera ekitaldia».
Aurtengo helburua hasitako bideari jarraitzea da. Horren harira, saiakera berezia egiten ari da Errigora herri lana edo auzolana martxan jarri eta mobilizazioa indartzeko. Berritasunik badakar, gainera. Horietako bat da iniziatibaren karpa erraldoia: «Errigoraren presentzia areagotzea da helburua, herririk herri ibiltzea zubiak eraikitzen».
Bestetik, kanpaina barruan Ablitasen (Nafarroa)herri lana egingo dute. Urtero egin izan dute kanpaina amaitu eta gero, baina aurten erdialdean egingo dute. Atzo abiatu zuten, eta Lodosa, Viana eta Tuterako ikastoletako ikasleekin bilkura egin zuten. «Porrotxekin batera kutxak muntatu zituzten haurrek. Auzolana eta Errigora zer den azaldu diegu ekintzaren bidez». Gaur, berriz, produktuak eta ekoizleak bihurtuko dituzte protagonista, eta bihar eta etzi, Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik heldutako herritarrekin, Ablitasen bertan, 6.000 saski prestatuko dituzte.
Herri bezala erantzun
6.000 saski prestatzea erabaki dute. Izan ere horiek dira iaz saldu zituzten saskien erdia. Oraindik zabalik da kanpaina, hilaren 14ra arte izango da saskiak eskatzeko aukera, beraz, ezinezkoa da jakitea zenbat salduko diren. Hala ere, Gojenolak aurreko urteko kopuruetan ibiliko direla uste du. 6.000tik aurrera saltzen diren saskiak kanpaina amaituta prestatuko dituzte.
Errigorarekin bat egitera deitu du Gojenolak, eta hainbat arrazoi aipatu ditu horretarako: «Batetik, Nafarroako hegoaldeak euskararekiko dituen zailtasun eta berezitasunak herri bezala erantzuteko modua delako iniziatibarekin bat egitea; bigarrenik, zonalde horretan nekazaritza ekoizpenak azken urteetan izandako gainbeherari herri bezala erantzun eta laguntzeko aukera ematen digulako; hirugarrenik, herri lana delako, herri bat aurrera ateratzeko zailtasunak dituenean, herri bezala eta behetik gorako halako iniziatiba batekin lan egiteak aukerak sortzen dituelako, eta iniziatiba honek horretatik asko duelako».
Saldutako kutxa bakoitzaren %25a euskalgintzara bideratzen dute
Oarso eta Bidasoko herrietan 1.000 kutxa saldu zituzten joan den urtean
Herrilana du leloa aurtengo udazkeneko kanpainak, baina zubigintzari garrantzi handia eman diote. Zubigintza, ikasturtean etengabean errepikatuko den ideia izango dela azaldu du Errigoraren ordezkariak: «Martxoko Eskutik eskura kanpainan ere zubigintzaz arituko gara. Uste dugu Errigora sortu zenetik hona, etengabe zubiak eraikitzen ibili den iniziatiba dela, zubiak eraikitzeak, azkenean, komunitatea ahaldundu eta indartua osatzeko aukera ematen duelako, ezberdinen arteko bide komun bat egitea ahalbidetzen duelako finean, eta hori delako gakoa: zubiak eraikiz ahalduntzen joatea, eta beharrezkoak diren egoera berriak irabazten joatea».
Lanerako prest
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bosgarren aldia da Errigorak abiatu duena, eta joan den urtekoan, 14.000 saski banatu eta 175.000 euro lortu zituen Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarako. Aurreko lau aldiak batuta, berriz, 600.000 eurotik gora bideratu ditu. Ekoizpen enpresei dagokienean, birekin hasi ziren, eta egun 25 enpresa ari dira iniziatiba produktuz hornitzen.
Zenbaki eta uzta dantza horretan parte dute Oarsoaldeko eta Bidasoko herriek. Ekarpena egin nahi dute eta buru-belarri ari dira lanean. Lezoko sustatzaile da Edurne Lizarazu. Oroitzene AEKn irakasle da eta hasieratik ari dira Errigorarekin elkarlanean. «Lezon, Pasaia-Lezo Lizeoak eta Oroitzene AEK-k daukate sare handiena, baina Herri Eskolako guraso elkarteak, udal langileek, eta Tiñeluk nahiz Txerrimuñok ere eskatzen dituzte saskiak». Iaz 30 bat saski saldu zituzten, eta kopuru hori, ahal dela, aurten gaindituko dutela uste du.

Asteburu honetan auzolanean elkartuko dira Errigoraren saskiak prestatzeko Ablitasen. Argazkia: Errigora
Errigorarekin bat egitea «naturala» da Lizarazurentzat: «Errigora gu ere bagara, Erriberako euskalgintzak eta nekazaritzak laguntza eskatu diote Euskal Herri osoari, eta Nafarroako hegoaldeko hizkuntzarekin eta nekazaritzarekin bat egin dugu. Beraiek lagunduta, geure buruari laguntzen diogu herri euskaldunagoa eta jasangarriagoa izaten». Saskia erostera deitu ditu Lizarazuk lezoarrak: «Ahal dela bi, zuri bat eta beltz bat. Erriberako ekoizle txikien urteko ekoizpenaren portzentaje garrantzitsua erosten dugulako, Erriberako euskalgintzan jende askok urteetan egindako lanari ekarpen ekonomiko garrantzitsua delako, eta kalitate handiko produktuak direlako».
Pasaian ere lanean ari dira, auzolanean, Errigorarekin. Basari elkarteko Eba Ortegak 2014an hartu zuen lekukoa, baina hasieratik ari dira Pasaian ere: «Gure produktuei ez zaielako irteera duina ematen, eta euskara bera ere ez dagoelako bermatuta gure herrian erabaki genuen bat egitea Errigorarekin. Auzolana, edo herri lana, ezinbestekoa da gu burujabe izateko». 51 kutxa saldu zituzten Pasaian, Antxoko Basari elkartean, Jaizkibel elkartean eta Leunda tabernan; Pasaiako Udaleko Kultura sailean eta Donibaneko Bixi-Bixi elkartean. Txirrita AEKn eta Pasaia-Lezo Lizeoan ere eskaerak bideratzen dituztela azaldu du Ortegak, «aurten Antxoko Dani tabernan ere eskaera egiteko aukera izango da».
%25a euskalgintzara
Salmentaren %25a Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari bideratuta egotea, kanpainarekin bat egin eta erosteko nahikoa arrazoia dela esan du pasaitarrak, «bertako ekoizleek beren produktuei irtenbide duina ematen diete, gainera».
Irundarra da Dornaku Lantz, Labore Txingudiko kidea. Lehenengoz egingo dute bat Errigorarekin, aurten zabaldu dituelako ateak, martxoan zehazki. Hartu-emana aspaldikoa dela dio Lantzek, hala ere: «Beraiek zein produktu dituzten jakiteko harremanetan jarri ginen Labore Txingudin eskaintzeko, nahikoa naturala da, beraz, gure arteko harremana».
Zabalpena dela beren lana esan du Lantzek, «Errigoraren filosofia ahalik eta gehien zabaltzea, zer den eta zein helburu dituen jendarteratzea. Horrekin batera, azpiegitura aukerak eskaintzea saskiak banatu ahal izateko». Kutxak erostera deitu du Lantzek ere, «produktuak gozatzeko, eta ekarpena egiteko. Bertako ekoizpena eta euskara sustatzeko modua da».
Hasieratik ari da Errigoraren kanpainak sustatzen Txus Alfonso errenteriarra. 2012an beste lagun batekin batera Orereta Ikastolaren sarreran eman zituen Gabonak, orduan arrain kutxetan heldutako Errigoraren produktuak saltzen. 35 kutxa saldu zituzten lehen urte hartan. Iaz, ia hamar aldiz biderkatu zuten Errenteria-Oreretan iniziatibaren sustatzaileek saldutako kutxa kopurua: 301 guztira.
Alfonso kide den Saretuz sarea, Xenpelar AEK eta Orereta Ikastola arduratzen dira Errigoraren kanpaina sustatzeaz. Emaitza onak, lanketa handia duela atzean azaldu du: «Urtetik urtera ugaritu egin da, eta horretarako metodologia ezberdinak erabili ditugu sarea egiteko. Eragile ezberdinengana jo dugu, ez gaude beraiek etorri zain, haiekin harremanetan jarri eta elkarlana proposatu diegu. Horrek konstantzia eta lan handia suposatu digu». Kontzeptu bat aipatu du errenteriarrak, «fitxa mugitzea», eta emaitzekin lotu du: «Fitxa mugitzeak emaitzetan aldea lortzea da, ugaritzea. Ez gara konformatzen ahal duguna saltzearekin, lan egiten dugu ahalik eta jende gehienarengana heltzeko, datuak hobetzeko eta ahalik eta gehien saltzeko. Hobekuntza etengabea planteatzen dugu».
Hurbiltasunari garrantzia
Hurbiltasunari ere eman dio garrantzia, «giltzarria» dela dio halako iniziatibek arrakasta izan dezaten, eta horren harira, Errigorarekin elkarlanean hasi zirenean Lodosako ikastolako zuzendariak eta hainbat gurasok hitzaldia eman zuten Errenterian: «Harreman zuzena bilatu dugu proiektuarekin eta horrek, jendea gehiago inplikatzea ekarri du». Errigora gehiago behar direla dio, «Euskal Herriko herrialdeen arteko antolaketarako eta identitate kontzeptua lortzeko azken sei urteetan egin den iniziatibarik onenetakoa iruditzen zaigu. Herri honen etorkizunerako giltzarrietako bat Errigora gehiago antolatzea da».
Bide handia egiteko
Xabier Iragorri oiartzuarra ere hasieratik da Errigoraren sustatzaile: «2012an, Nafarroan egoera larrian zegoen Erriberako ikastolaren inguruan nolabaiteko erantzuna emateko beharra sentitu genuen». Betiko eskemari uko eginda, Nafarroako hegoaldeko produktuen aberastasuna baliatzea erabaki zutela dio, «produktu oso onak, baina ezezagunak zirenak ezagutaraztea erabaki genuen, eta komertzioetan plusbaliak izango zituzten produktuen prezioa auzolanean jaitsita, irabazien %25a euskalgintzara bideratzen hasi ginen, Erriberako ikastolara, bertako AEKra eta Sortzen Ikasbatuaz elkartera. Hasieran asmatu genuen eta urtez urte lana ondo eginda iritsi gara heldu garen lekura».
300 kutxa saldu zituzten iaz Oiartzunen, internet bidezko eskaerak kontuan hartu gabe, «1.000 kaxa Oarsoaldea eta Bidasoko herrietan. Euskal Herrian 14.000 saldu ziren, kopuru esanguratsua da, beraz».
Zubigintzari aipamena egin dio Iragorrik: «Zubia egiten da zailtasunak gainditzeko, alde batera eta bestera joateko, elkar ezagutzeko. Zubiak esanahi handia du, eta Euskal Herrian bide handia dugu egiteko gure harremanak eta gure arteko ezagutza normalizatzeko. Erriberarekin gauza garrantzitsua gertatu da, elkar ezagutu dugu elkar hangoek eta hemengoek, eta harremanak sendotu. Beren beharrek eta gureek bat egin dute».
Aurretik, Erribera ez zela oso ezaguna gaineratu du oiartzuarrak, «nahikoa urruti genuen, abestietan entzuten genuen, baina ez genuen gehiegi ezagutzen. Gaur egun gure herrien barne saretzea etorkizunerako bermea da beraientzat. Balio handiko iniziatiba da, normalizatzen ari garelako bertan euskaraz aritzea».
Eremu zabalagora heldu nahi dute, «aukera hauek ezin ditugu utzi, asko suposatzen dutelako, eta euskara laguntzeko aukera txikiena ere ezin dugu galdu».
BANAKETA PUNTUAK
Errenteria-Orereta
- Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea. On line eskaerak.
- Orereta Ikastola.
- Xenpelar Aek
Irun
- EKT Elkartea. On Line eskaerak.
- Irungo AEK.
- Labore Txingudi.
Lezo
Oiartzun
- Labore Oarso. On line eskaerak.
- RElizalde Herri Eskola.
- Elorsoro Kiroldegia.
- Intxixu AEK.
- Oiartzungo Udala.
Pasaia
- Basari Elkartea.
- Pasaia Lezo Lizeoa.
- Txirrita AEK.