Asteartean koman aurkitu zuten emakumearen osasun egoerak hobera egin du. Ertzaintza ikerketa lanekin ari da, diskrezio osoarekin.
Zabaltza plaza, irundarrez gainezka elkarretaratzea bitartean.
Ehunka irundar bildu dira Zabaltza plazan gaur 19:00etan, asteartean koma egoeran eta eskuak nahiz hankak lotuta zituen emakumeari geratutakoa salatzeko. Emakumeen kontrako indarkeria gogoz deitoratu dute, isilean. Onartezina iruditu zaie irundarrei 24 urteko emakumeak jasan duena, eta horrela adierazi dute elkarren ondoan jarriz.
Astearte goizean Gi-636 errepidearen ertz batean, eskuak eta hankak lotuta eta ahoa tapatuta txirrindulari batek aurkitu zuen emakumearen osasun egoera hobera doa, kontziente dago, eta larritasun egoeran bada ere, onera doa. Koma egoeran topatu zuten, errepidearen ezpondan botata, Mendibil parkearen ingurua zeharkatzen duen eremuan. Irundarra da erasotua, 24 urtekoa, eta aurkitu zuten tokitik hurbil bizi da Ertzaintzak baieztatu duenez. Erasotzailea nor edo nortzuk izan ziren ikertzen ari da polizia, hainbat hipotesirekin; lanean dabiltzan ildoen berririk ez dute eman oraindik orain era zehatzean.
Zabaldu diren hainbat informaziok erasoaren ankerkeria nabarmen azaldu dute: mugitzeko inolako aukerarik gabe topatu zuten, oihu egiteko aukerarik gabe, eta ezagutarazi diren lehen datuen arabera, litekeena da emakumea Mendibil parketik behera ezpondara jaurti izana. Hipotermia nabaria zuen, eta horrek ikerketa daramatenen ustez esan nahi du ordu asko egin zituela sastraka artean.
Kontziente egon arren, gaur eguerdian poliziak oraindik ez zion deklaraziorik jaso emakumeari. Haren testigantza oso garrantzitsua izan daiteke gaiari argia emateko.
Aldi berean, Ertzaintza emakumea bizi den inguruan bizilagunen testigantzak biltzen ari da, ikerketarako baliagarri izan daitezkeen datu gehiago bilatzen ari da Mendibil inguruan.
Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur esan zuenez, ikerketa bide guztiak zabalik ditu Ertzaintzak. Horien artean, indarkeria matxistarena. Baina gaiarekin tentuz jokatu behar dela nabarmendu du.
Udala, irmo
Irungo Udala ez da isilik gelditu. Bozeramaileen batzordea egin dute gaur goizean udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideek.
Bertan erasoaren harirako adierazpena hitzartu dute. 24 urteko irundarraren osasun egoera bide onean joan dadila desiatu eta babesa adierazteaz gain —haren senide eta adiskideei ere sostengua adierazi die udal erakundeak—, haren kontra erabilitako indarkeria irmo gaitzetsi du udalak, esanaz indarkeria ororen kontra daudela, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatuko duen gizarte baten alde daudela.
Era berean, udalak itxaropena azaldu du abian den ikerketak emaitzak emango dituela, eta erasotzailea edo erasotzaileak nor izan diren jakingo dela, eta horien kontra hartu beharreko neurrien alde agertu da, «erantzukizunak argitu behar dira».
Aldi berean, Irungo Udalak gizarte zerbitzuek dituzten baliabide guztiak bortxaz erasotutako emakumearen eta haien hurbilekoen eskura utzi ditu.