Irungo Udalak gaia ahalik eta azkarren argi dadila eskatu du. Bihar, 19:00etan eta Zabaltza plazan, elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak.
Bihar, 19:00etan eta Zabaltza plazan elkarretaratzea egingo dute.
Irungo Udaleko alderdi guztiek gogor salatu dute atzo, Gi-636 errepidearen ertzean
konorterik gabe, eskuak lotuta eta ahoa tapatuta agertu zen emakumeari gertatutakoa. “Ahal dugun gogorren gaitzesten dugu atzo konorterik gabe aurkitutako emakumeari gertatutakoa”. Ildo horretan, biharko (osteguna), gaiaz erabakiak hartzeko bozeramaileen batzordera deitu du Jose Antonio Santano alkateak. Aldi berean, 19:00etan eta Zabaltza plazan, elkarretaratzera deitu ditu herritarrak udalak eta Berdintasun Batzordean parte hartze duten erakundeek.
Alkatearen desioa da emakumea ahalik eta azkarren osa dadila. Eta gaia azter eta argitu dadila eskatu du: “Ikerketa abian da, eta nahi duguna da gaia guztiz argitzea”.
“Ikerketa irekia”
Iluntzean eman zituen Segurtasun Sailak andreari buruzko hainbat datu; 24 urte ditu, eta Gipuzkoakoa da. Ikerketa bat martxan ipini dute nork eraso egin dion argitzeko asmoz. Horren inguruan, ordea, datu gutxi eman zituzten: «Ikerketa irekia da». Alegia, Segurtasun Saileko prentsa bulegoko ordezkariek esan zuten ikerketa lerro guztiak zituztela zabalik: hortik apartekorik ezin zutela esan oraindik.
HITZAk jakin duenez, emakumea koma egoeratik atera da, hobera egiten ari da pixkanaka.