Udal Gobernu Batzarraren hurrengo bileretako batean Plan Bereziari lotutako baimenak onartuko dituztela jakinarazi du Xabier Iridoyk.
Xabier Iridoy, gaurko agerraldian.
Gaur, hilak 31, Irungo Arretxeko Maldako Plan Bereziaren egungo eta hurrengo hilabeteetako egoeraren berri eman dute. Zehazki, Irungo Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza ordezkari Xabier Iridoyk planaren nondik norakoak esplikatu ditu.
Aurkezpenean, laster, Udal Gobernu Batzarraren bileretako batean Plan Bereziari lotutako baimenak onartuko dituztela jakinarazi dute. Plan Bereziaren barruan, Elizatxo hiribidearen plana sartu dute, “hiriko bide-ardatz nagusietako bat baita”. Horrela, Elizatxo hiribideko bi eraikinak botako dituzte, eta Auzolan kaleko 3B zenbakian dagoen industria eraikina partzialki botako dute. Gainera, bertan 32 etxebizitza eraikitzeko asmoa du Udalak. Bi fasetan banatuko dute proiektua: lehenik, Auzlonan kalean 17 etxebizitzako bizitegi bloke bat eraikiko dute.
Bestalde, Udalak eraikuntzen espazio libreetan urbanizatzeko baimena duela jakinarazi du Iridoyk. Kasu honetan, 548,48 metro koadroko lurzoru publikoa da, eta lorategi zonalde bat eraikitzeko bideratuko dute, Auzolan kalea eta Elizatxo hiribidea elkar komunikatzeaz gain.