Datorren ostiraletik igandera bitarte, eskulangintzaren inguruko azoka egingo dute Ficoban, hamaika postu, tailer eta hitzaldirekin.
Azokaren artxiboko irudia.
Datorren ostiraletik igandera bitarte, Harri-orri-ar azoka berezia egingo dute Irungo Ficoba erakustazokan. Evident Events enpresarekin elkarlanean, handmade-aren munduaren inguruko azoka berezia antolatu dute.
Antolatzaileen esanetan, Ficoba, hiru egunez, “handmade unibertsoko azken joerak eta berritasunak ikusi, bizi, usaindu, ukitu eta sentitzeko gune bihurtuko da”. Gertuko sortzaileez gain, nazioarteko erakusketari mordoa etorriko da. Azokan, 30 erakusketaritik gora izango dira eta hiru gunetan banatuko dute: Harria Unibertsoa (etxearen dekorazioarekin, birziklapenarekin, hiri baratzeekin, lorezaintzarekin, tresnekin, olioekin, xaboiekin eta abarrekin zerikusia duten dendak ipiniko dituzte), Papera Unibertsoa (koadernaketa, papergintza, scrap-a eta decupage-a zaletasuna dutenentzat) eta Guraizeak Unibertsoa (oihal, artile, botoi edota hari dendak eskura izango dituzte).
Horrez gain, tailer gune bat prestatu dute. Bertan, 36 tailer egingo dituzte guztira, gai askotarikoak. Azokaren ordutegia, ostiraletik igandera, 11:00etatik 20:00etara izango da. Sarrera hiru eurokoa da (8 urtetik beherakoentzat doan).