'Dabiltzan Hiriak' programaren barruan, 'Metrominuto' egitasmoa jarri berri dute martxan Udaletik, oinezkoen mugikortasunari bultzada emateko.
Hiritik oinez mugitzeko deialdia luzatu dute Mugikortasun sailetik.
Atzo, hilak 25, ‘Metrominuto’ egitasmoa aurkeztu zuten. Aurkezpenean, Cristina Laborda Mugikortasun ordezkaria izan zen. ‘Dabiltzan Hiriak’ programaren barruan sortu dute, hiriko puntu esanguratsuak irudikatuz, eta horien arteko distantzia neurtuz.
Horrela, oinezkoentzako atseginagoa izango den Irun bat sortu nahi dute. Metrominuto Irungo plano edo mapa baten irudikapena da. Bertan, hiriko puntu esanguratsu edota ezagunenak zehaztu dituzte, eta horien arteko distantzia eta iraupena irudikatu dute, informazio gehigarri gisa. Guztira, berrogei puntu zehaztu dituzte. Datozen asteetan, Irungo kaleetan ere mapa horiek ipiniko dituzte, hiritar guztien eskutara uzteko.
Metrominuto egitasmoaz gain, gaur, ‘Dabiltzan Hiriak’ kongresuari hasiera emango diotela gogorarazi zuten. Mugikortasun jasangarria, bideko segurtasuna edota irisgarritasuna hobetzeko asmoarekin sortutako programa da, eta Euskal Herria zein Espainiako Estatuko hiriek hartzen dute parte. Gaur, 17:30etan emango diote hasiera kongresuari, Ficoba erakustazokan.