Irungo Udaleko Hirigintza ordezkariak Zubietaren aukera lehenetsi du, baina onartu du atzerapenez doala gaia, eta berriz ere hainbat alternatiba jarri ditu mahaiaren gainean, berriak tartean.
Plaiaundiko egungo kirol instalazioak.
Irungo Udala Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdaketaren gainean lanean ari da. Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariak berretsi egin du lehentasuna hori Zubietan ezartzea dela, “hala ere, prest egon behar dugu, eta Zubieta eremuko aukera baztertzen bada, beste kokapen bati buruz eztabaidatzeari ekin behar diogu”, esan du.
Hirigintza saileko buruak azaldu duenez, gaiarekin zerikusia duten erakundeek bi bilkura egin dituzte, eta hirugarren bat ere egingo dute. Horrek Zubietaren gaineko erabakian atzerapena ekarri duela onartu du. Dena dela, gaiak itxura du Zubietaren gaineko adostasun maila handiegirik ez dagoela erakundeen artean —azken erabakian atzerapenagatik, eta ordezko tokiak bilatzen ari direlako—, hortaz, kirol pistak bertara eramateko aukera urruntzen ari da.
Zubietaren alternatibaren eztabaidan udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek egon behar dutela nabarmendu du Iridoyk. Eta zehaztu du udal gobernu taldearen asmoa dela kirol eremuaren behin betiko kokapena agintaldi honetan erabakitzea.
Balizko kokapenak, asko
Plaiaundirentzako alternatibak aztertzen dihardu Hirigintza sailak. Orain arte, honako aukerak izan dituzte mahaiaren gainean: Arbes, Iparralde-Gal, Puiana, Ibarla, Osinbiribil, Beko Errota, Buena Vistako mendixka, Monteroren bazkategiak Olaberrian… “Horietako batzuk jada baztertzeko aukera dago”, adierazi du Iridoyk. EH Bilduren eta Si Se Puede Irunen (SPI) proposamenak ere aztertzeko dituzte, hain zuzen, San Miguel-Anakako edo trenbide eremuko zonaldeak.
Horiei guztiei, beste alternatiba bat erantsi die gaur Iridoyk: Txenpereneakoa. Hori proposatzeko bi arrazoi erabili ditu: “Hiriari jarraipen egokia ematen dio, eta instalazioek bertan irisgarritasun ona lukete”. EAJko kideak baztertu du proposamen berri horren arrazoia eztabaida korapilatzea denik, “erabat alderantziz. Proposamen hori erantzukizun bat betetzea da, era horretara behin betiko soluzio bat emateko gaiari, Zubietari ezezkoa ematen bazaio”.