Lazo arrosak, prebentzioaren garrantziaz ohartarazteko

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunari lotuta. Gaurko 'Arrisku faktoreak eta autoesplorazioa' hitzaldia antolatu dute.

Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna

Asteazkenean lazo arrosak jarri zituzten Kasino Zaharrean (irudikoa) eta Emekin

Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak Arrisku faktoreak eta autoesplorazioa goiburuko hitzaldi-solasaldia antolatu du gaurko, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunerako. Kultur Etxean egingo dute, 18:00etatik aurrera. Biharko eta iganderako ere antolatu dituzte bularreko minbiziaren kontrako egunari lotutako ekitaldiak. Bihar, ostirala, Ttipi-ttapa osasun programako saio berezia egingo dute, 11:00etan Itsas Etxetik abiatuko eta Kasino Zaharrean bukatuko dena. Eta igandean, San Pedro kalean eta Kalean Kantuz jarduerarekin bat eginez, lazo arrosak banatzen ibiliko dira 12:00etatik aurrera, kolore horretarako globoak askatzearekin batera. Asteazkenean aurkeztu zituzten ekitaldiak udaletxean eta bertan izan ziren Arantxa Berrotaran arloko zinegotzia eta Emeki, AECC eta Katxalin elkarteetako ordezkariak. Azaldu zutenez, “emakumeak gogorren jotzen dituen gaitzaren aurrean kontzientziazioa, prebentzioa eta babesa sustraitu nahi dituzte iragarritako ekintzok”. Aurkezpenaren ondoren, lazo arrosak jarri zituzten Kasino Zaharrean nahiz Emekik Puntaleko eskolan duen egoitzan. Minbizien artean ugariena da bularrekoa Euskal Herrian. Osasun arduradunen arabera, minbizia garaiz antzemanez gero ia kasu gehienetan sendatzen da eta, horregatik, prebentzioak bere biziko garrantzia du. Hori aztertuko dute gaur Kultur Etxeko hitzaldian, eta hori nabarmendu nahi dute Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunari lotuta Hondarribian antolatu dituzten beste jardueretan ere.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.