Argazkia atera eta udalera bidali. Horrek aukera emango die irundarrei 2018ko udal egutegian euren txokoa agertzeko, euren etxetik ateratakoa.
Garcia eta Santano, udaletxeko balkoian, egitasmoa aurkezten.
Irungo Udalak eta Irungo Argazkilaritza Elkarteak (AFI) herritarrei zabaldu diete 2018ko udal egutegian ekarpena egiteko aukera. Proposamena erraza da: etxeko balkoi eta leihotik argazkia atera, eta bidali.
Udalaren webgunearen bitartez helarazi behar dira egutegiko hilabeteren batean ager daitezkeen argazkiak, hilaren 23tik azaroaren 16ra. Zabalduko den atal berezian argazkiek izan behar dituzten ezaugarrien berri ere jasoko dute interesa dutenek.
Irun nire balkoitik izena jarri diote proposamenari.
Bidalitako argazkien artean 13 aukeratuko dituzte, bat hilabeteko, eta azalekoa. Irudiek originalak behar dute izan, inon publikatu ez direnak. Eta horiek onartzeko baldintza orokorra izango da, irudiaren bitartez Irungo zatiren bat identifikatzeko aukera izatea. Egutegiaren 11.000 ale banatuko ditu udalak.
Gutxi gorabehera, 30 zentimetro altu eta 20 zabal izan beharko dituzte irudiek, eta gutxienez 250 pixeleko erresoluzioa.
Jose Antonio Santano alkateak eta AFIko presidente Gerardo Garcia aurkeztu dute, gaur, egitasmoa. Alkateak herritarrak animatu ditu ezagutzen ez den Irun irudikatzera, “hori da ideia. Norberak bere Irunen zatiaren berri ematea”. Garciaren arabera, helburua, argazki politak bilatzeaz gain, originalak nahiko lituzkete jaso.