'Mariñel'-eko istripuaren gaineko kudeaketan ilun jokatzea leporatu diote Miren Aierberi, eta ardura hildako boluntarioari egotzi nahi izana.
Iraila bukaeran ekainaren 28ko datako segurtasun txosten bat aurkeztu zuen fundazioko koordinatzaileak
Hondarribiko oposizioak bere osotasunean Arma Plaza Fundazioko koordinatzaile Miren Aierbe udal arkeologoaren kargugabetzea eskatu du,
Mariñel arrantza ontzian
gertatutako istripuaren kudeaketa ilunagatik. Bakoitzak bere ikuspuntua duen arren, fundazioko patronatuko kide diren oposizioko zinegotzi guztiek uste dute Aierberen portaera ez dela egokia izan. Besteak beste, istripuaren gaineko informazioa ukatu izana, bileretan esandakoak aktetan behar bezala adierazi ez izana, eta, erakundearen ardura onartu ordez, istripuaren ardura Sustraiako boluntarioei leporatu nahi izana egozten diote Aierberi. Horregatik, bere dimisioa eskatu zioten fundazioko presidente den Txomin Sagarzazu alkateari iraila bukaeran eginiko batzarrean.
Ekainaren 29an
Mariñel ontzian izandako istripuan jasandako zaurien eraginez, Enrike Lekuona Sustraiako boluntarioa hil egin zen aste batzuetara. Boluntarioek urteak zeramatzaten barkua fundazioarekin elkarlanean zaharberritzen, eta bisita gidatu programa bat abiatzeko azken prestaketak burutzen ari ziren istripua gertatu zenean.
Istripuaren ondoren, boluntarioen lan-baldintzen gaineko informazioa aurkezteko eta fundazioak eduki zezakeen arduren gaineko zalantzak argitzeko eskatu zioten Aierberi. Izan ere, boluntariotza hasi zenetik fundazioko bileretan ez da inoiz erakutsi boluntarioen lana arautzeko Segurtasun eta Osasun Planik edo antzerakorik, bakarrik 2015eko azaroan eginiko gomendio zerrenda bat, aurreratutako lanen ondorioz 2017ko udarako egoerari begira baliagarria ez zena. Baina udaran ez zen fundazioko patronatua bildu, ez zen bilera deialdirik egin
Mariñel-eko istripua lantzeko.
Iraila hasieran, herriko jaien aurretik, ultimatuma bota zuen oposizioak. Istripua lantzeko bilera exijitu zuten, fundazioa batzartu gabe baitzegoen patronoei bisita gidatuen programaren berri ekainean eman zitzaienetik. Ultimatum horretan bilera berandu gabe deitzeko exijitzen zuen oposizioak, eta irailaren 14a proposatzen zuten. Egun horretan ez, baina egun batzuetara bai, iraila bukaeran bildu zen Arma Plaza Fundazioko Patronatua, eta bilera horretan, oposizioko kideen galderak erantzunez, segurtasun txosten bat bazela adierazi zuen koordinatzaileak, gerora fundazioko kideei bidali ziena. Ekainaren 28ko data zuen, hau da, istripuaren bezperan jasotakoa.
Segurtasun plangintza eza
Aierbek aurkeztutako segurtasun txosnenak ekainaren 28ko data du, baina iraila bukaera arte ez zuen aurkeztu, oposizioak behin baino gehiagoetan segurtasun arloko dokumentazioagatik galdetu zion arren. Horregatik, oposizioko kideetako batzuek uste dute txostena faltsua izan daitekeela, istripuaren ondoren egindakoa izan daitekeela, nahiz eta istripuaren bezperako data duen.
Lan-arriskuen arloko Donostiako enpresa batek idatzitako txostena da eta, “bisita gidatuak egin ahal izateko 2015eko azaroan planteatu ziren segurtasunezko neurriak —prebentiboak eta zuzentzaileak— egiaztatzeko xedea” du. Horrek esan nahi du, txostenean ageri den data egiazkoa bada, bertan azaltzen diren zuzenketa teknikoak zehazteko eta burutzeko denborarik apenas ez litzatekeela izango, Arma Plaza Fundazioak egun horretan bertan jakinarazi baitzuen uztailaren 3tik aurrera bisita gidatuak egingo zirela. Halaber, agiriak onartzen du barkua ez zegoela bisita gidatuak jasotzeko prest, baina Arma Plaza Fundazioak egun berean eman zuen bisita gidatuen berri. Biharamunean eduki zuen Sustraiako boluntarioak istripua, bisitariak barkura igotzeko eskaileratik erorita.
HITZAk txosten hori aztertzeko aukera izan du eta hauxe dio istripua eragin zuen eskailerari buruz: “2015eko azaroan emitituko txostenean ezarritakoarekin bete dela konprobatu da eta barkura segurtasunez igotzeko, eskailera tolesgarri bat eraiki da”. Txostenak, eskaileraren erabilerarako segurtasun neurrien prozedura egitea gomendagarria litzatekeela adierazten du, eta ez du aztertzen eskailera homologatua ote dagoen, eta orain arte ez da aurkeztu eskailera homologatua zegoela azaltzen duen agiririk.
Oposizioaren ustez, Aierbek hildako boluntarioa egin nahi du istripuaren erantzule, Lekuona
itsas ingeniaria zelako eta eskailera berak diseinatu zuelako. Salatzaileen iritziz, boluntarioen ardura fundazioarena da, eta boluntarioek
Mariñel-en zaharberritze lanetan lan egiteko beharrezko baimen, agiri eta bestelakoak lortzeko ardura ere Arma Plaza Fundazioarena da.
EAEko boluntarioei buruzko 17/1998 Legearen arabera, boluntarioen eskubideetako bat da “lana segurtasun —eta higiene— baldintza egokietan egitea, lanaren ezaugarriak eskatzen dutenaren arabera”. Beste dokumentaziorik ez balego, Sustraiako boluntarioen lan-baldintza arautzeko Segurtasun eta Osasun Planik ez balego, horrek esan nahiko luke Sustraiako boluntarioek eginiko lanak legeak ezarritako segurtasun baldintzarik gabe burutu zirela, Boluntariotza Legea urratuz.