Adif-ek Irungo Udalari 34.000 metro koadro inguruko lur eremua eman dio. Bertako erabilera zehazteko, 2018ko urtarrilean eremua ikertu eta prozesu parte hartzailea irekiko dute.
Egun, Adif-ek udalari emandako eremua inongo erabilerarik gabe dago. MIlaka metro koadrokoa da, eta hori hiriarentzat baliatu nahi dute.
Irungo trenbide eremu zaharkituaren erabilera eskasa dela eta, urte luzez hiriari bizkarra eman dio burdinbideak. Eremua hiriko leku esanguratsu bilakatzeko asmoarekin, lursaila berregituratzeko lehen pausoak eman dituzte azken egunotan. Joan den astean, Espainiako Gobernuko Sustapen ministro Iñigo de la Sernak, hiri inguruko trenbide sarera egindako bisita probestuz, udalak Adif-ekin hitzartutako azken akordioaren berri eman zuen.
Akordio horren bitartez, enpresak, zehazki, trenbide eremuko 33.888 metro koadroko saila emango dio udalari. Horietatik, Jose Antonio Santano alkateak Hitzari esan dionez, udalak, 6.473 metro koadroko eremuan erabateko eskumena izango du. Gainera, bertatik lortutako etekinak proiektu zehatz baterako bideratuko dituzte: ibilbide luzeko trenentzako nazioarteko tren geltoki berri baterako. Egun, eremua trenbide zati, bagoi eta eraikinez beterik dago, inolako erabilerarik gabe, eta orotara, 64.000 metro koadrokoa da (hainbat erakundek dituzte lur eremuak bertan). Anaka auzoko aduana zaharretik Balleneros kale ondoko Euskotrenen geltokirainoko espazioa da lursail erraldoi horrek hartzen duen eremua.
Santanorentzat, Adif-ekin hitzartutako akordioa, Irungo hiriarentzat eta herritarrentzat «gertaera gogoangarria, mugarria» da, eta hiriak horri etekina aterako diola ziur dago, onuragarri izango dela denentzat.
Partzelaren kudeaketa udalaren esku geratuko litzateke, baina eskumen hori zehazteko Adif-ekin hitzarmena oraindik sinatzeko dute. Udalak iradoki duenez, espazio horretan egin beharrekoak, aduana eremua kudeatzen duen Zaisa enpresa publikoak har ditzake (udalak, aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak parte hartzen dute bertan, besteak beste).
Lursaila zertarako erabiliko den oraindik ez dute zehaztu. Hala ere, 2018ko urtarrilerako lehen zertzeladak ematen hasiko direla jakinarazi du alkateak. «Buruarekin» egin behar da hori Santanoren ustez, pausoz pauso. Horretarako, urte hasieran teknikoen talde batek lurra ikertuko du, eremuaren etorkizuna diseinatzen hasteko.
Santanok zehaztu duenez, udalak erabilera mistorako erabili nahiko luke Irun berriaren ardatz izango litzatekeen lursaila. Sor daitezken etxebizitza proiektuez gain, bestelako instalazio eta zerbitzuek ere tokia izatea nahi dute.
Herritarrak, diseinatzaile
Trenbide eremuaren berrantolaketaren proiektua martxan jarri aurretik, herritarren iritziak jaso nahi dituzte. Santano: «Beti esan dugu proiektuaren hanketako bat herritarren parte hartzea dela». Horretarako, irundarrei hitza emateko prozesua abiaraziko dute datozen hilabeteetan. Folio zuri batetik hasita, eremu berriaren diseinuan parte hartuko dute, hori da udalaren nahia. Horrela, hiriko enpresek zein norbanakoek zer pentsatzen duten, lursailari zer nolako erabilera emango lioketen, edota zer nolako interesek gailendu beharko luketen ikertuko dute, ahalik eta informazio gehien biltzeko. Hala ere, prozesu parte hartzaileak izango duen metodologia oraindik zehazteke dute.
Etorkizunean Irunera iritsiko den AHTari ere begira jarri dira dagoeneko. Espainiako Sustapen ministerioak etorkizuneko nazioarteko geltoki berrirako idatziko duen proiektuan, Abiadura Handiko Trenaren iritsierarekin bat, nazioarteko geltoki berrirako osagarri izango den bidaiarientzako eraikin berria —eraikin hori Adif-ek emandako eremuan kokatuko dute— aztertuko dela argitu du udalak.
Hirigintza alorrean, Irungo trenbide eremu urbanoaren proiektua egun Gipuzkoa mailan dagoen handienetarikoa dela esan daiteke. Santanorentzat, proiektua «oso garrantzitsua da, hiriari eta belaunaldi berriei aukera berriak irekitzeko ilusio kolektiboa da».
Harago joan da alkatea: «Irunek XIX. mendetik bizi ez duen iraultza sozial eta ekonomiko handienaren aurrean gaude. Proiektua bihotzarekin eraiki nahi dugu, eta horretarako hirian ilusioa piztu behar dugu, irundarrek prozesuan gogoz parte har dezaten».
Obretarako oraindik eperik zehaztu ez dutela jakinarazi du alkateak, «epe luzerako» proiektua izanik, presarik gabe ekin nahi diotelako. «Gauzak ondo egitea beharrezkoa izango da», gehitu du.
Datozen urteetan Irungo trenbide sareak, eta ondorioz, hiriak, erabateko itxura aldaketa jasango du, hirigintzan mugarri izango da. 2018tik aurrera, herritarrek ere milaka metro koadro horiekin zer egin eta zertarako erabili erabakiko dute.
Irundarrek eremurako zer nahi duten jakitea, alderdi guztien ahotan
EAJk, SPIk, EH Bilduk eta Ezker Anitza-IUk trenbide eremuaren diseinuaren ardatzean herritarrak jarri dituzte. Hiriari bultzada emateko gunea izan daitekeela esan dute.
Urko Etxebeste-Irun. Jose Antonio Santanok, hortaz, Irungo PSE-EEk, eta Irungo beste alderdi politikoek trenbide eremua berrantolatzeko bidean ideia komun bat dute: irundarrei ahotsa eman behar zaie bertan zer egin adierazteko.
Irungo EAJren udal taldearen eledun, eta Hirigintza ordezkari Xabier Iridoyren ustez, irundar denek eremuaren berrantolaketari buruzko iritzia emateko bideak zabaldu behar dira, eta iritzi horiek egitasmoan txertatu. Aldi berean, Iridoyk adierazi du EAJk egitasmoa idazteko baliagarri den baldintza agiriaren lanketa sustatu duela.
Azken asteetan egindako akordioei esker, hiriko trenbide eremuan erabilerarik ez zuten hainbat lursail udalaren esku daude.
Horren arabera, Irungo EAJren asmoa litzateke eremu horretan berrikuntza enpresei lotutako gunea sortzea, «kalitatezko lanpostuak sortu ditzaketen enpresak bertaratzeko eta erakartzeko gune ezin hobea dela iruditzen zaigu». Iridoyk oroitarazi du eremua oso ondo komunikatuta dagoela, ondoan dituelako Renfeko, Euskotreneko nahiz autobusen geltokiak.
Bertan, gainera, tren geltoki intermodala egiteko asmoa dago, eta begi onez ikusi du hori EAJk, «gertuko eta ibilbide luzeko trenen geltokiak bateratuz», eta tren eta autobus bidaiarien aldaketak erraztuz. EAJk gaineratu du proiektua idatziko duen teknikoen lantaldeak (Adif eta udaleko Hirigintza sailarekin batera), Aduana eta Geltoki kaleen arteko oinezkoen eta errepideen loturak aztertuko dituela, «eta honekiko EAJren proposamena honakoa da: trenbide eremuak eta Euskotreneko errailek hirian eragiten duten zuloa deuseztatzea. Ondorioz, hiriaren bi zatiak gerturatuko lirateke, Irun osatuago bat, adeitsuago bat eta erakargarriago bat bihurtuz.
SPI eta Ezker Anitza-IU
Eremu hori nola planifikatu, eta zertarako erabili herritarren parte hartzearekin erabaki behar dela adierazi zuten prentsa agerraldian Si Se Puede Irunek (SPI) eta Ezker Anitza-IU Bidasoak, nahiz Equo Berdeak Bidasoak: «Ekimen pribatuari ez zaizkio edonola ateak ireki behar. Izaera publikokoa izatea espero dugu».
Parte hartzeaz, udala araudi orokorra osatzen ari direla ziurtatu dute alderdi horiek, «galdeketa lotesleak egitea baimenduko du araudiak, eta hauxe litzateke horretarako abagunerik egokiena hori aplikatzeko».
Haien ustez, eremu horretan berdeguneak, kirolerako eta kulturarako azpiegiturak, eta ekonomia sozialari begirako jarduerak sortu beharko lirateke, «hiriaren birika, aisiarako gune garrantzitsu bilakatuz». Unibertsitatea, nahiz artearen eta kulturaren industriari lotutako jarduerak ere eskatu dituzte bertarako.
EH Bildu
EH Bildurentzat hiriarentzat albiste ona da eremuaren berrantolaketa, «baina ganorazko irteera eman behar zaio». Irtenbide hori bi ardatzetan kokatu du Jokin Melida koalizioaren udaleko eledunak: herritarrek eremu horretan egingo dena erabakitzeko «prozesu benetan parte hartzailea» abiatzea, eta jabegoa esku pribatuetara ez pasatzea, «egingo denak eta emango zaizkion erabilerek izaera publikoa izan behar dute: aisiarako guneak, eremu berdeak, hezkuntza zentroak, mantal zuriko enpresak…».
Espainiako Gobernuak lur eremua du gunean. Horren salmentagatik jasoko lukeen gainbalioa hirirako litzateke, baina gainbalioa lortzeko etxebizitzak egitea ez du begi onez ikusten Melidak, «eraikitzea ez da gure lehen aukera, birgaitzea baizik». Proposamena badu: San Migel-Anaka eremuan eraikitzeko dauden babeseko etxebizitzen zati bat trenbide eremura eramatea, San Migel-Anakan beste era bateko azpiegiturak jartzeko, «Plaiaundiko kirol instalazioak bertara eraman, adibidez».