Euskal Herriko Maratoi Erdia hilaren 22an egingo dute. Izena emateko aukera badago oraindik. 11:00etan hasiko da lasterketa Donibane Lohizunetik.
Ibilbide ikusgarria du Euskal Herriko Maratoi Erdiak.
Hogeigarrenez egingo dute hilaren 22an, igandearekin, Euskal Herriko Maratoi Erdia Donibane Lohizune eta Hondarribia artean. Klasiko bihurtu da herri lasterkarien artean 21 kilometro pasatxoko ibilbide erakargarria, kostaldetik ia beti. Hondarribia Kirol Taldeak eta Donibane Lohizuneko Ur Jokok antolatu dute aurten ere karrera, tokian tokiko erakundeen eta hainbat babesleren laguntzarekin.
Donibane Lohizune, Hendaia, Irun eta Hondarribia zeharkatuko ditu probak. Antolatzaileek beti nabarmendu dute Bidasoaren bi aldeak, korrika kasu honetan, elkartzeko lasterketa dela, elkar ezagutzeko aukera.
11:00etan hasiko da lasterketa Donibane Lohizuneko Grand Hotel paretik, eta Hondarribiko Zuloaga kalean, Jauregi hotelaren ondoan, izango du helmuga. Parte hartzaileen muga 3.000koa da; hortik hurbil egongo da aurten ere izen emateen kopurua.
Izena emateko aukerarik gehienak agortuta daude. Ohiko izen ematea, adibidez, irailaren 30ean itxi zuten. Baina azken orduan animatzen direnek badute aukera parte hartzeko, hori bai, gehiago ordainduz (45 euro): izena emateko azken orduan dabiltzanek hilaren 15era arte dute horretarako aukera
lasterketaren webgunetik.
Bost kategoriatan emango dituzte sariak. Lasterketaren sailkapen absolutukoek euren garaikurrak jasoko dituzte, baita beteranoen lau mailetakoek ere: 40-50 adin tartekoek, 51-60koek; 61-70koek eta 71tik gorakoek (gizon eta emakumeetan denak).
Dortsalak jasotzeko egun zehatzak daude. Honakoak aukerak:
- Irungo Deportes Gonzalez Intersport dendan, hilaren 14ra arte, denda zabalik dagoen ordutegian.
- Donibane Lohizuneko Antenne D’animation-en (Thiers bulebarra, 45): hilaren 16tik 21era, 17:30etik 19:30era.
- Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan: hilaren 19an (osteguna) 19:00etatik 20:30era, eta hilaren 21ean (larunbata) 10:30etik 13:30era.
Korrikalariek hainbat zerbitzu jasoko dituzte (korrikalarien poltsan daudenez gain):
- Hondarribitik Donibane Lohizunera joateko autobusak daude (5 euro).
- Kontsigna zerbitzua badago. Irteerako guneetan motxilak utzi (10:45 arte), eta horiek helmugara eramango dituzte.
- Ibilbidean, bost kilometroro anoa postuak daude.
- Hondartza kiroldegian dutxak egongo dira.