Ama Guadalupekoa taldeko Gorka Aranbarrik urrea lortu du Vigoko Super Kopan, eta Jon Pascualek brontzea.
Hondarribiko lau ordezkariak, euren entrenatzailearekin
Hondarribiko Ama Guadalupekoa Judo Taldeak bi domina lortu zituen larunbatean Galizian, kadeteen denboraldia irekitzeko Vigoko Navia kiroldegian jokatu zen Espainiako Super Kopan. Gorka Aranbarrik urrezko domina eskuratu zuen -90 kiloetan, eta Jon Pascualek brontzea -81etan.
Beste bi ordezkari izan zituen Ama Guadalupekoak txapelketan. Javier Estevas-Guilmain (-60 kilo) 9. geratu zen eta, pisu berean, Javier Castello lehen errondan kanporatu zuten. Alberto Perez entrenatzailearekin bidaiatu zuten gazteek Galiziara.
Orotara, Espainiako Estatuko eta Portugalgo 415 judoka lehiatu ziren larunbatean Vigon, 250 mutil eta 165 neska. Euskadiko federazioak bost domina lortu zituen guztira.