Datorren Igande Sasoian, hiriko kirol taldeen jardueren eskaintzaz gain, urteko kirolari onenen izenak emango dituzte.
Zabaltza plazaren inguruan egingo dituzte jarduerak.
Datorren igandean, hilak 8, Igande Sasoi programaren jardunaldi berezia egingo dute. Urtean zehar irundarren artean emaitza onenak eskuratu dituzten kirolarien izenak emango dituzte. Besteetan bezalaxe, Kolon pasealekua moztu eta bizikleta zein oinezkoentzat hamaika ekitaldi prestatu dituzte.
13:00etatik aurrera, sari banaketari ekingo diote, Luis Mariano inguruko jardinetan. Hiru sari banatuko dituzte: gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan kirolaririk onena eta talderik onena. Sari banaketa aurretik, Bidasoa Atletiko Taldeak, Jaizubia Hipika Klubak, Lekaenea Mahai Tenis taldeak, Real Unionek, Bidasoak eta Erroibidek hainbat kirol jarduera eskainiko dituzte. Iazko irabazleak Santiagotarrak elkartea, Ander Elosegui eta Olatz Zabala irundarrak izan ziren.