Jaiotzez madrildarra, baina izatez hondarribiarra da Vladi Garcia argazkilaria. Hondarribiko Udalarekin eta Bidasoko argazkilariekin elkarlanean, bigarrenez, ‘HondarribiArt’ aldizkaria zuzendu eta kaleratu du.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Nork ez du sekula Hondarribiko Kale Nagusitik, San Pedro kaletik, edota Bidasoa ibai ingurutik paseo bat eman? Eskura dituen arkitektura, natura zein kultur ondareak balio erantsia ematen diote herriari; bisitatu behar den horietakoa da. Argazkilarientzat, nola ez, leku aparta da Hondarribia. Horietako bat Vladi Garcia da. Argazkilaritzazale amorratua, madrildarra jaiotzez, baina dagoeneko hamalau urte daramatza Hondarribian. Orain bost urte, Hondarribiko inguru fisikoari ahalik eta zuku gehien ateratzeko asmoarekin, proiektua abiatu zuen, argazkietan oinarritua noski:
HondarribiArt.
«Hondarribiko argazkiak zaharkituak zeudela ohartu nintzen», dio Garciak. Orduan, herriaren irudi bankua handitzeko lanari ekin zion madrildarrak, sutsu. «Beti da zaila norbere herriko edertasunaz ohartzea, ez dugu behar bezala baloratzen», aitortu du. Orduan, hondarribiarrak euren herriaren edertasunaz ohar daitezen lehen pausua eman zuen: udalarekin ados jarri, gertuko argazkilariak elkartu, eta aldizkari berriaren diseinuan murgildu ziren.
HondarribiArt irabazi asmorik gabeko aldizkaria da, hiriaren ehunka irudi ikusgarriz osatutakoa. Irailaren 29an kaleratu zuten euskarri grafikoaren bigarren zenbakia, on line formatuan eta debalde. Bi helburu nagusirekin hasi zuten Hondarribia eta artea batzen dituen proiektua. Batetik, hondarribiarrek euren herria, ohiturak eta herritarrak oro har modu zehatzagoan, argazkilaritzaren ikuspegitik, ezagutzea. Bestetik, Bidasoko argazkilariei espazio edo gune bat ematea euren lanak zabaldu ahal izateko.
«Egun, argazkilaritza ez da asko baloratzen, edonork eskura duen sakelako telefonoarekin edonon argazkiak ateratzen dituelako», dio Garciak.
HondarriArt, argazkilaritzaren artea «bere lekuan» jartzeko baliagarria izango dela ziur dago sortzailea. Are gehiago: hondarribiarren mundua manipulatu nahi dute, eta kameraren ikuspegitik jaso daitekeen errealitate hori islatu nahi dute. «Artea niretzako, musika, margoketa edo dantza bezalaxe, arte bat gehiago da», gehitu du argazkilariak.
Iaz izan zen argazki bilduma bereziaren estreinua. Garciak argitu bezala, lehen zenbakia orokorra izan zen, Hondarribia ikuspegi zabal batetik ikusteko aukera ematen zuen. Leku esanguratsuak, paisaiak, kalak, arkitektura eta bestelakoak jaso zituzten.
Argazkiak baino gehiago
Bigarren zenbakian, guztira, 130 argazki inguru ikus daitezke, den-denak ikusgarriak. Koloretakoak, txuri-beltzekoak… Hondarribiaren xarma islatzen dituen hamarnaka argazki elkartu dituzte eta ikuspegi zehatzarekin islatu dute Hondarribiko eguneroko errealitatea. Argazki bildumaz gain, bestelako gaiak ere jorratu dituzte.
Besteak beste,
HondarribiArt-en ohikoak diren
Gure jendea (herrian aski ezagunak diren pertsonen erretratatuak),
Gure ingurua (herriaren inguruaren irudiak: Jaizkibel, kosta…),
Paseo ezberdina (herriko leku esanguratsuenen irudiak),
Erretratu bikingoak (aurten Alameda jatetxea izan dute ikergai), edota
Beste begi batzuekin (kameraren perspektibarekin jokatuz, irudi bereziak atera dituzte) edukiak ikusgai daude.
Horiez gain, irudietatik harago joan dira. Argazki bildumarekin batera, hurrenez hurren, Gemma Sebastianen
Sareak agerian lana, Jose Luis Noain margolariaren erretratua, Alvaro del Valen
Alma de blues erreportajea, eta Miguel Cabezas argazkilari irundarrari egindako elkarrizketa publikatu dituzte. Horietan, besteak beste, Hondarribiko arrantzaleen, Blues jaialdiaren, edo herriko pertsonai ezagunen irudi eta gogoetak jasotzeko saiakera egin dute.
Primerako harrera izan du aldizkariaren zenbaki berriak lehen asteetan herritarren artean. Hondarribiko Udalaren webgunean eskuragarri dago (
hondarribia.eus), baina, etorkizunean zenbaki guztiak liburuxka fisiko batean jaso nahi dituzte.
Vladi Garcia hirugarren alean pentsatzen eta lanean ari da jada. «Geroz eta ideia gehiago ditugu hurrengo aldizkarirako. Interakziorako aukera irekiko dugu, Hondarribiaren inguruan edonork idatzitako testuak bidaltzeko eskatuko diegu hondarribiarrei». Ondoren, testu horiei
HondarribiArt-eko argazkilariek irudiak txertatuko dizkiete, batura interesgarria sortzeko. Jendeak kolaboratzea nahi dute, proiektuaren sortzaileentzat, hondarribiarrek hondarribiarrentzat egindako lana baita.
Azken pausoa,
HondarribiArt domeinua eskuratzea izango da, bertan aldizkari, argazki eta material guztia igo eta herritarren eskuetara uzteko.
Hirugarren zenbakian lanean hasi arren, dagoeneko beste proiektu batzuetan ere pentsatzen ari da Garcia, tartean, Irungo Argazkilaritza Elkartearekin. Hau da, Bidasoko argazkilari onenen kameraren ikuspegitik Hondarribiaren edertasunaz gozatzeko aukera eman nahi dute, Bidasoko ikuspegiarekin.