Irun Kataluniarekin taldeak 'performance' bat (Moskutik, hileta prozesioa egingo dute) eta elkarretaratzea (Zabaltza plaza inguruan) antolatu ditu.
Joan den asteburuan ere Kataluniaren alde elkarretaratu ziren Zabaltza plaza inguruan.
Irun Kataluniarekin herri plataformak, beste behin, Kataluniako herritarrei eta prozesu demokratikoari sostengua emateko kalera ateratzeko deialdia luzatu du herritarren artean. Iganderako,
performance bat eta elkarretaratzea antolatu dituzte.
Horrez gain, urriaren 1ean “900 zauritu zenbatzera” iritsi zirela gogoratu dute, dena, katalanek Estatuarekin nahi duten harremana “erabaki ez dezaten”. Eskozia eta Kanadaren adibidea ekarri dute gogora, eta Kataluniarekin alderatu dute: “Herri katalanak autodeterminaziorako duen eskubidea Estatuak ukatu duela ikusita, bozketa antolatu zuten”. Estatuak demokraziarekin arazo bat duela nabarmendu dute, eta ondorengo galdera planteatu dute: “ez al da ba demokratikoa jendeak bere estatus politikoa erabaki ahal izatea?”. 78ko erregimenaren oinordekoak direla salatu dute eta beraz, herri katalanarena dela “eskubide zilegi hori gauzatzea”. Errepresioaren bidez herritarrak abian jarritako prozesuak geldiezinak dira plataformarentzat, “katalanek eta euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko dugun zilegizko eskubidea gauzatuko baitugu”.
Horregatik guztiagatik, demokrazia zein herritarron eskubide zibil eta politikoak “hilik daudela” salatzeko, iganderako, hilak 8,
performance bat (11:00etan, Moskutik, demokrazia irudikatuz, hileta prozesioa egingo dute) eta elkarretaratzea (12:00etan Zabaltza plaza inguruan) antolatu dituzte.