Hiritarren eskaeretan oinarritutako hirigintza lanak burutzeko exijitu dute. Aurrekontuen eztabaidan adostutako emendakinak dira.

Haur parkeetan elementu egokituak ezartzeko eskatu du PSE-EEk
Hondarribiko sozialistak kexu daude udal gobernuarekin, aurrekontuen osoko bilkuran onarturiko zenbait hirigintza lan nahi baino gehiago berandutzen ari direlako. Hain zuzen ere, “hiritarren eskaerak jasotzen dituzten neurriak dira, ezagunak, behin baino gehiagoetan eskatu ditugulako”, azaldu du Iosu Alvarez PSE-EEko udal bozeramaleak. Alvarezek gogorarazi du “sozialistentzat garrantzitsuak ziren lan eta hirigintza arloetako zenbait emendakinetan adostasuna egon zelako” bozkatu zuela EAJren aurrekontu proposamenaren alde. Orain, kexu azaldu da, gobernu jeltzaleak ez duelako adostutakoa bete.
Esaterako, udal aurrekontuan jasota geratu zen Guadalupen komun publikoak ezartzeko 75.000 euroko partida bat, eta kantitate bereko beste bat Txiplaora oinezkoen sarbidea hobetuko lukeen proiektu bat erredaktatzeko. Ez bata ez bestea ez direla gauzatu salatu dute sozialistek.
PSE-EEk zabaldutako oharrean mugikortasunari lotutako zenbait gai ere azaltzen dira. Adibidez, Akartegi auzoko espaloiak zabaltzeko eskaera, “oinezkoak ezin baitira ibili”, eta Pasaia, Nestor Basterretxea eta inguruko kaleetan ibilgailuen abiadura zaintzeko beharra ere nabarmendu da sozialistek zabaldutako oharrean. Bide batez, Bordari hezkuntza zentro inguruko trafikoa hobetzeko aldaketak eskatu ditu zinegotzi sozialistak, “trafikoa kolapsatu gabe” hezkuntza zentrora hurbiltzeko aukera izan dadin: “Udalari eskatzen diogu neurriak hartu ditzan segurtasuna bermatu, auto-ilarak ekidin eta aparkatzeko aukera hobetzeko, Udaltzaingoaren irizpideak eta auzotarren iritzia kontuan har ditzatela”.
Eta mugikortasunarekin jarraituz, “bizikletentzako araudia” exijitu dute sozialistek: “Osasuntsua eta ingurumenarekin errespetuzkoa den garraio modu hau erabiltzea errazagoa izateko neurriak behar dira, txirrindularien eta oinezkoen segurtasuna hobetzearekin batera”.
Beste gaiei dagokionez, Mendelu auzoko
Cuatrovientos bideko argiztapena hobetzeko erabakia 2016an hartu zela “eta auzotarrak horren zain daudela” gaineratu du Alvarezek, eta beste eskaera bat luzatu du, “haur parke berrietan edo berritzen direnetan, elementu egokituak ezartzeko”. Gogorarazi du sozialisten emendakin bat onartu zuela udal gobernuak zentzu horretan, baina ez dela aurrera eraman.
Aurrekontuen eztabaidan adostutako emendakinak aurrera eramateko eskatu dio Hondarribiko PSE-EEk udal gobernuari: “Ekintza txiki hauekin, hirigintza hobe bat lortuko dugu, eta horrek bizikidetza hobea ekarriko du”.