Joan den igandean amaitu zen Irun Rock Jaialdiak zapore ona utzi du irundarren artean; antolatzaileen esanetan, "arrakastatsua" izan da, "benetako festa".
Ehunka lagun pasa ziren San Juan plazatik joan den asteko Irun Rock Jaialdian.
Men of Rock Musika Elkarteak, Irungo Udalarekin elkarlanean antolatutako Irun Rock Jaialdiari joan den igandean eman zioten amaiera. Lau eguneko jaialdiak zapore ona utzi du irundarren artean, baita antolatzaileen artean ere. Guztira, lehen mailako hamabost talde igo ziren San Juan plazan, Kale Nagusian eta CBA Kultur Gunean kokatutako oholtzetara.
“Eguraldi txarrak hainbat kontzertu bertan behera utzi arren, ostiral eta larunbat arratsalde-gau partea arrakastatsua izan zen, benetako festa”, esan du Iñaki Estevez jaialdiaren zuzendariak. Gainera, ostiralean ere San Juan plazara “jendetza” gerturatu zela nabarmendu dute. Antolakuntzatik taldeen puntualitatea txalotu dute, eta emandako ikuskizuna eskertu diete, bertaratutako musika zale guztiei eskerrik beroenak eman ondoren. Antolatzaileak jada, datorren urteko bederatzigarren jaialdiari begira jarri dira.