Kultur guneko agendan ohikoak diren irakurketa kluba, ipuin kontalariak edota poesia tailerrez gain, datozen hilabeteetarako egitarau zabala antolatu dute.
Gaur aurkeztu dute CBAko tailer programa berria.
Urteko azken hiruhilekorako, CBA kultur guneak iraganeko artisautza eta egungo teknologia berrienak elkartuko dituen tailer programa zabala antolatu du. Gaur eman dute programaren berri Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak, LadyRed Management-eko Gemma Gonzalez eta Bidasoa Institutuko Alberto Arranz zuzendariarekin batera.
Kultur guneko agendan ohikoak diren irakurketa kluba, ipuin kontalariak edota poesia tailerrez gain, datozen hilabeteetarako egitarau zabala antolatu dute. CBAdo! da aurtengo programaren berritasunetako bat, Udaletik sustatu nahi duten ondare, historia edota kultura orokorra gizarteratzeko helburuarekin, kontzeptu historiko eta kulturalak elkartuko dituzte. Bestalde, datozen asteetan, 3D inpresiozko tailerrak antolatu dituzte eta hiriko leku esanguratsuenen 3D-ko irudiak diseinatzeko aukera izango da, Bidasoa Institutuan.
Urriaren 3an irekiko dute izen emateko epea eta CBA kultur gunean egin beharko da. Guztira, 20 plaza irekiko dituzte. Ikastaroa urriaren 19an hasi eta urriaren 19, 23, 24, 25, 26 eta 27an zehar egingo dute, 18:00etatik aurrera. Gainera, ‘Zuk zeuk egin’ egitasmoa jarriko dute martxan, norberak bere kabuz modu tradizionalean objektuen fabrikazio eta erreparazioa ikasteaz gain, birziklapenaren inguruko kontzientziazioa bultzatzeko.
Lehenengo tailerra, urriaren 4ean egingo dute, CBAn. ‘Lettering eta idazketa sortzailea’ bezala izendatu dute eta 17:00etatik 19:30etara izango da.