Bihar hasiko dute Irun Rock 2017 Jaialdia San Juan plazan. Hiru egunez, hamabost kontzertu eskainiko dituzte, guztiak doan.
Guztira, hamabost talderen kontzertuak antolatu dituzte astebururako.
Irun Rock Jaialdia, hiru urtez jarraian Ficoban izan ondoren, bere jatorrira bueltatuko da: San Juan plazara. Bihar eta etzi, lehen mailako eta estilo anitzeko hamabost talderen musika saioez gozatzeko aukera izango dute irundar eta gertuko musika zale guztiek, guztiak doan.
Hiru oholtza ezberdin ipini dituzte aurtengo zortzigarren ediziorako: San Juan plazan, Kale Nagusiko terraza inguruan eta Genaro Etxeandian. Nagusia San Juan plazakoa izango da. Genaro Etxeandian, DJ-ez gain, janaria erosteko hainbat postu izango dira.
Bihar, 20:00etan, emango diote hasiera 2017ko Irun Rock Jaialdiari, Los Secos taldearen musika saioarekin. Ondoren, Verona eta Viva Suecia taldeen txanda izango da. Larunbaterako, talde ezagunenen kontzertuak prestatu dituzte. 12:00etatik 15:00etara, Ghost Number & Tipsy Gypsies, Yawners eta Los Wallas taldeek musika jarriko diote San Juan plazari. 17:30etatik 00:30etara bitarte, Lauroba, Franco, Angel Stanich, Abstract Artimus, The Excitements, Lie Detectors eta Mucho taldeek kontzertu bana eskainiko dute, eguneko egitarauari amaiera emateko.
Igandera arte luzatuko dute aurtengo Irun Rock Jaialdia. Eguerdian, Kale Nagusian, Howdy country taldeak kontzertu txikia eskainiko du. Gainera, asteburuan zehar, San Juan plaza inguruko tabernek pintxo-rock antolatu dute. Etxeko txikienek ere izango dute zer eginik asteburuan zehar, CBA Kultur Gunean antolatutako hamaika jardueretan.