Ostegunetik igandera bitarte, azokak, hitzaldiak eta bizikleta martxak antolatu dituzte.
Gaur aurkeztu dute Mugikortasunaren Astea Hondarribiko Udalean.
Datorren ostegunetik igandera bitarte, Mugikortasun Astea egingo dute Hondarribian. Gaur aurkeztu dute aste osoko egitaraua Kalixa Silanes Ingurumen eta Agenda 21eko zinegotziak, Kote Guevara Balazta Bidasoko Bizikletaren aldeko elkarteko ordezkariarekin batera. Hondarribiko Udalak Balazta Elkartearekin antolatutako jarduera da.
Mugikortasun Astearen helburu nagusia “ibilgailuaren erabilera irrazionalak hirian –osasun publikoan nahiz ingurumenean– sor ditzakeen ondorio negatiboak eta garraiobide iraunkorrak erabiltzeak dituen onurak politikari eta hiritarrei azaltzea” da. Gainera, beste helburuen artean, hondarribiarrak iraunkortasun mugikortasunari buruz “sentsibilizatzea”, iritzi publikoan mugikortasun iraunkorrari buruzko “eztabaida sortzea” eta erabiltzaileek bizikleta “joan-etorri seguru eta erosoa” egin ahal izateko aukera bermatzea dute.
Ostegunean emango diote hasiera Mugikortasun Asteari, eta igandera bitarte luzatuko dute. Ostegunean, 19:00etan, Ander Irazustak
Oinezkoa eta bizikleta mugikortasunaren kudeaketaren ardatz gisa: erronkak eta aukerak hitzaldia eskainiko du Kultur Etxean. Larunbatean berriz, 10:00etatik 14:00etara, Butroi pasealekuan (eguraldi txarra egin ezkero Kirol kaian), bizikleta feria eta bigarren eskuko bizikleten merkatua egingo dute. Igandean, Mugikortasun Asteari amaiera emateko, 10:30ean, Alamedatik aterako den Txirrinda Martxa antolatu dute.