Hilaren 30ean, XIX. Txingudi Korrika lasterketa herrikoiak Hendaia, Irun eta Hondarribia zeharkatuko ditu.
Txingudi Korrika lasterketako una bat.
Atzo, Hendaiako udaletxean, Irun, Hondarribia eta Hendaia zeharkatuko dituen Txingudi Korrika aurkeztu zuten. Bidasoa Atletiko Taldearekin (BAT) elkarlanean, datorren hilaren 30erako, ohiko herri lasterketaren hemeretzigarren edizioa egingo dute. Bertan, hiru udalerrietako kirol ordezkariak izan ziren, Ibon Muñoz BATeko zuzendariarekin.
Lasterketak hamar kilometroko luzeera izango du eta 16:30ean hasiko da; Hendaiako Florida nasa ingurutik hasi, Irungo erdialdetik pasa eta Hondarribiko Hondartza kirolguneko estadioan bukatuko dute. Gainera, egun berean, Txingudi Korrika Txikia Gal Stadiumen egingo dutela gogorarazi dute: 10:00etatik aurrera, 1-13 adin tartekoentzat hainbat lasterketa egingo dituzte.
Lasterketaren hasiera eta bukaera toki ezberdinetan izanik, BATeko antolatzaileek hainbat zerbitzu erraztu dizkiete korrikalariei:
- Hondarribian autoa uzten dutenei, edo hondarribiarrei, autobus nahiz ontzi zerbitzua emango diete Hendaiako irteerara joateko.
- Hendaiatik Hondarribira motxilak eramango dizkiete irteeran arropa uzten dutenei.
- Hondartza kiroldegian dutxak egongo dira.
Gizonetan zein emakumeetan hamar lehenei emango dizkiete sariak. Roller eta handbike modalitateetan ibiltzen direnei ere, hiruna sari emango dizkiete bai gizonei zein emakumeei. Bidasoko korrikalari azkarrenek ere izango dituzte sariak.
Lasterketan izen emateko (haurrenetan ere),
Kirolprobak-en, Leire Sport dendan, Mendibil merkatal zentroan eta Palmera Montero eraikinean informazio guztia eskuragarri dago. Txipa dutenek 12 euro ordaindu behar dituzte parte hartzeko, eta ez dutenek 14. Egunean bertan, dortsalaren prezioa 18 eurokoa izango da.