Muriel Larrea (PP), Miguel Angel Paez (PSE-EE), Jose Antonio Santano alkatea (PSE-EE) eta Xabier Iridoy (EAJ), diseinua aurkezten.
Via Irun. Hiria gara leloarekin, hiriko trenbide eremuaren birmoldaketa prozesuari irudia jarri diote. Udal gobernu taldeko kideek PPko zinegotzietako baten laguntzarekin aurkeztu dute hori guztia gaur goizean. Leloaren eta irudiaren mamira joan da Jose Antonio Santano alkatea: “Egitasmo hau irundarren etorkizunaren zati dela sentiarazi nahi dugu, ilusio kolektiboa dela. Eta ilusio hori udaleko alderdi politikoetatik atera dadila nahi dugu, hiritarrekin elkarlanean”. Alkateak esan du udalbatzako alderdi guztien oniritzia baduela kanpainak.
Santanok adierazi du hiri gutxik izango dutela gisa horretako hiri eraldaketa bat egiteko, “horregatik nahi dugu partaidetza sentimendu hori zabaldu”. ‘Vía’ hitzarekin bideak irudikatu nahi izan dituzte, “topatzeko bideak, batasunerako bideak, eraikitzeko bideak, bidea egiteko bideak…”.
No Problem! enpresa irundarrak garatu du komunikazio kanpaina.
Egitasmoaz
Santano alkateak esan duenez, egitasmo horren barruan egin diren azken urratsetakoa izan da Adif-ek 30.000 metro koadroren desafektazioa egin duela, Aduana kalearen ondoko eremuarena (lur eremu horren jabeetakoa da Adif). Hartara, erabiltzeko geldituko litzatekeen lur eremua 60.000 metro koadroraino iritsi daitekeela esan du alkateak.
Gainera, Santanok iragarri duenez, datozen asteetan eremu horren gaineko ikerketa arkitektonikoa egiteko prozesuaren esleipen prozesua hasiko da. Ikerketa hori baliagarri izango da Hirigintza Antolaketarako Plan Orokorraren aldaketarako. Era berean, eremuaren birmoldaketaren gainekoak kudeatzeko zein bide edo erakunde jarraituko den aztertzen ari direla iragarri du Santanok.