Txapelketa Nagusia hilaren 23an hasiko da. Bertab, lehen saioan, Alaia Martin eta Ander Lizarraldek parte hartuko dute. Artalekuko saioa, azaroaren 1ean da.
Txapelketa aurkeztu dutenak, gaur, Bilbon.
Hilaren 23an, larunbata, hasiko da
Bertsolari Txapelketa Nagusia Baigorrin (Nafarroa Beherea). Hori final-laurdenetako lehen saioa izango da. Finala, berriz, abenduaren 17an da, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Batetik bestera hainbat kanporaketa saio eta milaka bertso kantatuko dituzte bertan parte hartuko dutenek: 43 bertsolariak dira, 18 gai jartzaileak, eta 20 epaileak.
Gaur goizean aurkeztu dute Bilbon bertsozaleen nahiak beteko dituen Euskal Herriko txapelketa.
Oarso Bidasoko lau bertsolari izango dira lehian. Laurak oiartzuarrak: Alaia Martin, Jon Martin, Ander Lizarralde eta Arkaitz Oiartzabal
Xamoa. Eta epaile bezala bi errenteriar arituko dira, Mikel Lersundi eta Karlos Ibarguren.
Hori bakarrik ez. Txapelketaren barruko saio bat Irunen egingo dute. Azaroaren 1ean, 17:00etan eta Artaleku kiroldegian, finalaurrekoetako lehen itzuliko bigarren saioa egingo dute bertan. Bertan izango dira Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi. Gainontzeko bertsolariak final-laurdenetako sailkapenen ondoren jakingo dira zeintzuk diren.
Bertakoak, 23tik
Oiartzungo lau bertsolarietako bik txapelketako lehen saioan, final-laurdenen lehenean (Baigorrin, hilaren 23an) egingo dute debuta. Zehazki, Alaia Martin eta Ander Lizarralde arituko dira Baigorriko pilotaleku estalian, 17:00etan hasita.
Jon Martinek hilaren 30ean, Seguran, hasiko du bere bidea. Baratze pilotalekuan da saio hori, 17:00etan.
Hasten azkena Xamoa izango da. Zumaian ekingo dio txapelketari urriaren 8an, 17:00etan, Aitzuri pilotalekuan.