Salatu dute ez dela bilerarik egin gertatutakoa aztertzeko, istripua fundazioak abiatu behar zituen bisiten prestakuntza lanen barruan gertatu zen arren.
Istripua aztertzeko bilerarik ez dela egin salatu d oposizioak
Hondarribiko Udaleko oposizioko alderdi guztiek eskaera bateratua egin diote udal gobernuari, ekainaren 29an
Mariñel ontzian gertatutako istripua lantzeko Arma Plaza Fundazioaren bilera eskatuz. Ontzi horretan istripua gertatu zen ekainaren 29an, eta horren ondorioz,
Sustraia elkarteko kide bat hil egin zen egun batzuk geroago, uztailaren 12an.
Testuan azaltzen dutenez, ekainaren 8tik ez da elkartu Arma Plaza. Bilera hartan, hain zuzen ere, barkuan bisita gidatuen programa abiatuko zela, eta horretarako eskailera bat egokitu beharra zegoela jakinarazi zieten fundazioko ordezkariek erakundeko patronoei, horien artean oposizioko alderdietako ordezkariak.
Eskaeraren sinatzaileek salatu dute gertatutakoa aztertzeko bilerarik ez dela egin, istripua Arma Plaza Fundazioak abiatu behar zituen bisiten prestakuntza lanen barruan gertatu zen arren: “Bilera horren ostean, ondorio larriak izan zituen istripua gertatu zen
Mariñel itsasontzian, eta honen inguruko informaziorik jasotzeko bilerarik ez da eman Arma Plazan”.
Hilaren 14rako
Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariek, hitzordua lehenbailehen zehaztea galdegin dute. “Gaiak duen larritasuna ikusita”, bilera hilaren 14an egitea proposatu dute, ostegun honetan. Izan ere, euren asmoa baita ahalik eta azkarren gaiari eutsi eta istripuaren arrazoiak argitzea.