Gazte Eguna gogoz ospatzen ari dira Hondarribian. Festa bai, baina elkartasunerako tartea ere zabaldu dute, errefuxiatuen gaia erdigunera eramanda.
Gazte Eguna giro paregabean ospatzen ari dira.
Gaztea da Hondarribia, eta solidarioa. Hori argi uzten ari dira
Gazte Egunaren bueltan bildu direnak. Festa giroan ari dira baina festatik harago beste helburua dute Gazte Egunaren bidez: gazteak batzea, euskara sustatzea, espazioak sortu eta berreskuratzea eta baloreak eta ideiak ikusaraztea. Ez dute lan makala, baina bidea egiten ari dira gazteak, ukaezina delako, bestelako eredu baten erreferentzialtasuna lortzen ari direla.
Elkartasunari, gainera, tarte berezia eskaini diote aurtengo Gazte Egunean. Gazte Xaiakoek bazkariko txartel bakoitzeko euro bat Hondarribia-Katsikas boluntario taldeari emango diote. Baita bazkal osteko jokoetan bildutakoa ere. Bide batez, errefuxiatuen egoera lehen lerrora eraman nahi izan dute.
Zumardian egin duten bazkarian 150 lagunetik gora bildu dira. Lepoan, Hondarribiko Gazte Egunetik Katsikasera leloa duen zapia zuten denek jarria. bazkariaren aurretik Gazte Xaian bertan Hondarribia-Katsikas boluntarioen proiektua lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dute. Mahaiaren bueltan eserita pregoia irakurri dute bi lagunek. Granada, Panama, Irak, Somalia, Serbia, Libia, Siria… zerrenda luzea irakurri dute, aipatutako 24 herriek Ameriketako Estatu Batuen edota NATOren esku hartzeak jasan dituztela: “Esku hartze horiek, besteak beste, zibilen hilketak, eta herrialde horien suntsiketa suposatu du. Eta ondoriorik latzena, pertsonak errefuxiatu bihurtzea. Honek baditu beraz, errudun, konplize eta erantzuleak”.
Erantzukizunaren lerro horretan kokatu dituzte AEB, NATO, Espainiako Estatua, Israel, Arabia Saudi eta Turkia, “baina batez ere, euren logika eta sistema kapitalista dira guztiaren erantzule. Armagintza komertziorik gabe, ez litzateke gerra existituko, ez eta inperialismorik. Kapitalismoak, gerra eta errefuxiatuak behar ditu ezinbestez, bizirauteko”.
Errefuxiatuekiko elkartasuna ezinbestekoa dela gaineratu dute eta horren eredu, aipamen berezia egin diote Hondarribia-Katsikas Boluntario taldeari, halere, argi esan dute, “denok dugu egitekorik. Gerra inperialistak eta mendebaldeko potentzien jazarpenak salatzen dituzten komunikabide eta kolektiboak ere borroka eredu dira guretzat”. Elkartasunik handiena helarazi diete, gerraren ondorioak jasaten ari direnei: “Gerran bertan, autodefentsan, erresistentzian dabiltzanei, edota suntsipen guzti horretatik ihesi mundua zeharkatzen saiatzen direnei”.
Eduardo Galeanoren hitzekin amaitu dute pregoia: “Jende txiki askok, leku txiki askotan gauza txikiak eginez, mundua alda dezake”.
Bazkaria amaituta, jokoen txanda heldu da. 20:00etatik aurrera, berriz, Zumardian bertan, Indibxabak, Leire IF eta Autobus Magikoa taldeen kontzertuarekin jarraituko dute festa, elkartasuna ahaztu gabe, noski.