Irungo Udalak jakinarazi duenez, datorren asterako hiriko hainbat eremutako obrekin amaituko dute.

Kolon pasealekuan hilaren 4ean bukatuko dituzte lanak.(Argazkia: www.surfingtheplanet.com)
Datorren asterako, Irungo Udalak jakinarazi duenez, Irungo hainbat eremutako asfaltatze lanak amaituko dituzte. Eremu horiek Lekuona Misiolari kalea, Ermita, Kolon pasealekua eta Glorieta del Silencio biribilgunea dira.
Kolon pasealekuko obretan aurretik egindako lanei azken zertzeladak emango dizkiete, hilaren 4ean, 8:30etatik 13:00etara. Obra hori dela-eta L2 autobus zerbitzuak ibilbidea aldatuko du. 4ean ere, aipatutako biribilguneko errepideko zulo bat konponduko dute eta ondoren Ermita inguruko beste zulo baten konponketari ekingo diote. Azkenik, Lekuona Misiolari kaleko asfaltatze proiektua amaituko dute, hilaren 5ean, gauez.
Obra guzti horiei aurre egiteko Udalak 1.079.159,12 euroko aurrekontua izan du. Asfaltatze kanpaina 2016 eta 2017 urteetan zehar egin dute.