Usurbildarraren imaginarioan murgiltzeko, bideo instalazio bidezko erakusketa gaur zabalduko dute
Bideo instalazioaren irudia.
Joxe Antonio Artzeren (Usurbil, 1939) sorkuntza lanean murgiltzeko aukera emango du
Oiasso Erromatar Museoak gaurtik aurrera.
Ikimilikiliklik-JA Artzeren unibertsoa izeneko erakusketa inauguratuko dute 11:00etan. Hortik aurrera, herritarrei zabalik izango da, doan, sortzailearen unibertso poetikoan igeri egiteko aukera emango duen mostra. Azaroaren lehen egunera arte egongo da zabalik.
Bideo instalazio modura dago antolatuta erakusketa. Artzeren ibilbidean bidaia egiteko baliagarri diren hainbat ikus-entzunezko, eta argi nahiz soinu jokorekin egituratu dute. Haren lana ezagutaraztea dute helburu euskarri horiek guztiek, izan ere, euskal herri kulturatik edan, eta izaera unibertsala lortu duen sortzaileak egindakoak asko eta sakonak baitira.
Herriz herri
Herriz herri dabilen erakusketa da Artzerena.
Morgancrea iniziatibak ekoitzitakoa da, eta EHUko Mikel Laboa Katedra ari da herriz herri eramaten. Horregatik, gaurko aurkezpenean, Oiassoko eta Irungo Udaleko ordezkariez gain, katedra horren zuzendari Juan Kruz Igerabidek azalpenak emango ditu.