Bidasoa eskubaloi taldeak ilusioz ekingo dio sasoi berriari. Atzo, talde nagusiaren aurkezpenean, ilusio mezu hori zabaldu zuten.
Bidasoko jokalariak, atzo, aurkezpenean.
Atzo, asteartea, aurkeztu zuen Bidasoa eskubaloi taldeak Asobal Ligan ariko den taldea. Ilusioz ekingo diote sasoi berriari, aurreko ikasturtekoa hobetzeko, edo berdintzeko asmoz behintzat. Taldearen kapitain Asier Zubiriak esan zuenez, aurredenboraldiko lanarekin “nekatuta” izan arren, “ilusioz gainezka” daude. Jacobo Cuetara entrenatzailea gustura azaldu zen eraiki duten taldearekin, “beste taldeak ere indartu dira, baina gure jokoa ikusgarria izango da, denek gozatuko dugu”.
CD Bidasoa plazatxoan egin zuten atzoko aurkezpena. Jokalariekin eta klubeko agintariekin batera Irungo Udaleko eta aldundiko ordezkariak izan ziren bertan. Noski, zaleak ez ziren falta izan. Jose Angel Sodupe presidenteak azaldu zuen “maila handiko” jokalariak ekarri dituztela udan taldea indartzeko, “ilusio berriekin gatoz, eta denon artean gure historiako kapitulu berri bat idazteko gonbita egiten dizuet. Beste urte batez egitasmo honetan sinesteko eskatzen dizuet”.
Pedro Alegre udaleko Kirol ordezkariak ilusioa aipatu zuen ere bere hizketaldian, “ez bakarrik Artalekuko partidetara doan jendeak duena. Kanpokoan jokatzen duzuenean ere badugu ilusio hori, emaitzaren zain gaude beti. Zuekin gaude”. Denis Itxaso aldundiko Kirol diputatuak adierazi zuen kluba ondo ari dela lanean, maila jaitsieratik indarberrituta atera zela taldea, eta egindako “apustua” ondo ari dela ateratzen, “zuen ondoan izango gara, laguntzeko”.