"Azpikontratazio basatiek" dakartzaten "bidegabeko" egoeraren aurka azaldu da Irungo EH Bildu.

CBAko langileen egoeraren aurrean, EH Bilduk agerraldia egin du.
Irungo CBA (Carlos Blanco Aginaga) liburutegiko langileen egoera salatu du beste behin EH Bilduk. Udalak azpikontrataziorako esleipen-prozesu berri bat abiatu zuen joan den maiatzean, baina aukeratutako enpresak uko egin zion kontratuari. Bigarren balorazio positiboena izan zuen enpresari gonbidapena luzatu ostean, hark ere uko egin zion, “eskaintzak gutxieneko kaudimen ekonomikoa betetzen ez zuelako”.
Egoera horren aurrean, azpikontrata esleitu gabe gelditu dela gogorarazi du koalizio abertzaleak. Prozesu guzti horretan “beste erkidego autonomikoko hitzarmenak aplikatu” direla salatu dute, 800-900 euro bitarteko soldatak direla gogoratuz.
“Azpikontratazio basatiek” dakartzaten “bidegabeko” egoeraren aurka daudela adierazi nahi izan dute EH Bildutik. “Egoera diskriminatzaile” hori salatu dute, udal langile eta azpikontratatutako langileek ordutegi eta lana partekatzen dutelako, “baina ez soldata”. Gainera, egoera “onartezin” horrek eragiten duen “duintasun eta ongizate eza” nabarmendu nahi izan dute.
Bestalde, udal gobernuari lanpostuen kudeatzaile izateko eskaera egin diete koaliziotik, “zerbitzu publikoko lanpostuek langileen lan baldintza antzekoak eta duinak bermatu” behar direlako. Hala ere, EH Bildutik kontziente dira proposamena gauzatzeak “zailtasunak” ekarriko dituela. Lanpostu duinen alde “ausartak” izan behar direla gogoratu dute. Azkenik, koalizioarentzat “hain beharrezkoak” diren klausula sozialak abian jartzeko eskaera luzatu diote udal gobernuari.