Hamarnaka batelero ari dira lanean ontzi tradizionalak berreskuratu eta erabiltzen, itsas kultura tradizionala piztu eta arbasoek nola nabigatzen zuten ikasteko. Batelero Egunak ondare hori zabalduko du asteburuan.
Batelero eguna astelehenean izango da baina topaketa, bihartik astelehenera egingo dute.
Egurrezko batelak, txalupa handiak, traineruak… 25 ontzi tradizional bilduko dira asteburuan Hondarribian ospatuko den Batelero Egunean. Bederatzigarren topaketa izango da bihartik hasi eta astelehenera arte Euskal Bateleroen Elkarteak Hondarribian antolatu duena. Aurretik, Elantxobe, Algorta, Zumaia, Ondarroa, Lekeitio, Pobeña, Bermeo eta Getarian antolatu dute. Hiru egunetan Hondarribiko kirol portuan lotuta izango dira batelak.
Euskal Bateleroen Elkarteko zuzendaria eta Zumaiako Beduola elkarteko kidea da Beñat Ibaieta, eta Batelero Egunaren helburua, itsas ondarea zabaltzea dela dio: «Itsas ondarea zabala da eta bateleroen elkarteak ondare horri bizitza ematen ari gara, usadiozko ontziak erabiltzen, horietan nabigatzen, gure arbasoek nola nabigatzen zuten ikasteko».
Paisaia polita utziko dute hiru egunetan batelek Hondarribiko uretan, eta bertaratzen direnek, astelehenean 10:00etatik 14:00etara bitartean, topaketan parte hartuko duten ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera izango dute.
Douarnenezen (Bretainia) egiten den itsas jaialdiko gonbidatu izan zen Euskal Herria 2008an. Bertan bildu ziren Euskal Bateleroen Elkarteko lehenengo kideak izango zirenak, eta elkartea sortzearekin batera urtean behin Euskal Herriko porturen batean Batelero Eguna antolatzea erabaki zuten.
Batelero elkarte ugari daude Euskal Herrian, txiki eta handi, guztiak helburu berarekin, lehenagoko ontziak berreskuratzea, erabilera sustatzea, eta itsasketa tradizionala biziberritzea, bai arraunez bai oihalez. «Batelero elkarteak gure ondarea zabaltzeko, balioa emateko sortu gara. Hori da Batelero Eguna egiteko batzen gaituena. Elkarteen artean egoerak ezberdinak dira, ezin dira konparatu Albaola elkartea eta Beduola adibidez, proiektu ezberdinak dituzte biek».
Batelero elkarteetan egiten ari diren lanaz erakundeak orain hasi direla ohartzen adierazi du zumaiarrak: «Orain arte 20 edo 30 urtean itsasoari bizkarra emanda bizi izan gara. Gure historia hortik dator, ordea, itsasotik. Balio ikaragarria dauka. Batelero elkarteetan ontziak maite ditugunak sartzen gara, baina baita etnografoak, antropologoak eta historialariak ere. Izugarrizko ondarea dugu eta hori berreskuratzen ari gara, bakoitza gure aletxoa jarrita, hondartza egiten, alegia».
Ateak zabalik elkarteetan
Elkarteak ateak zabalik dituela esan du Ibaietak: «Bazkideak herri mordoan ditugu, Zumaia, Lekeitio, Getxo, Algorta, Deustu, Tolosa, Galdakao… Zurezko ontziak, tradizionalak maite ditugunak gaude elkartean. Batelero asko dago bere kabuz ontziak konpontzen eta berreskuratzen, eta elkartean aritu nahi duenak ateak zabalik ditu». Hori egiteko, honako posta elektronikora mezua bidal daiteke: euskalbateleroak@gmail.com. Informazio gehiago nahi dutenek, berriz, euskalbateleroak.blogspot.com helbidean aurkituko dute.
Ontziak, guztiak tradizionalak, eta hainbat motatakoak dituzte elkarteetan, «lau metroko batelak edo popa lauak, bi mastako batelak, potina, bi mastako ontzia…». Ondarea berreskuratu eta hori zabaltzeko bateleroak egiten ari diren lan eskerga bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango da asteburuan.
Enrike Lekuona gogoan
Batelero topaketak Enrike Lekuona gogoan izango du. Hilaren 12an hil zen Lekuona, Sustraia elkarteko kideekin zaharberritzen ari zen Mariñel ontzian bi aste lehenago edukitako istripuaren ondorioz.
Haren omenez ekitaldia egingo dute etzi (igandea) 12:00etan hasita. «Oso pertsona maitea zen gure munduan, eta Batelero Egunaren antolaketan laguntzen ari zen gainera. Lekuonarena kolpea izan da guretzat», esan du Ibaietak. Mariñel ontziaren inguruan bilduko dituzte bateleroek euren ontziak Enrike Lekuona omentzeko. Lore sorta uretara bota eta bertsoak ere izango dira tartean.