Bidasoko Ezker Anitza alderdiko batzarrak Plaiaundiko pisten leku aldaketaren harira, agerraldia egin du.
Plaiaundiko kirol instalazioak.
Bidasoko Ezker Anitza alderdiko batzarrak Plaiaundiko pisten leku aldaketaren harira, agerraldia egin du. Bertan, bestelako eremuak ikertzeko eskaera luzatzeaz gain, herritarren erabakia beharrezkoa dela gogorarazi dute.
Agerraldian aipatu bezala, leku aldaketarako “hogei urte baino gehiago” pasa direla salatu dute lehenik, eta 2019rako eremua aldatzeko Txingudiko Plan Orokorrak erabakitako epea bete beharko dela gogoratu dute. Hogei urtez, udal gobernua “Zubietako aukeran tematu” dela esan dute, beste alderdi, talde edo elkarte sozialetatik ingurumena, oztopo burokratiko eta instituzionala direla-eta, “fidagarria ez dela” etengabe gogorarazi duten bitartean.
Orain, Bekoerrotaren eremua “erloju kontrako” erabakia dela salatu dute, eremua Olaberriako Plan Bereziaren barruan kokaturik baitago, aurretik baztertua izan zen hura. Gainera, “planaren erabakia haustea” suposatuko lukeela esan dute.
Horregatik guztiagatik, Bidasoko Ezker Anitza taldetik “bestelako aukera fidagarriak” bilatzeko eskaera luzatu dute, errugby eta atletismo taldeen interesak kontuan hartuz. Gainera, San Miguel Anakaren aukeraren inguruko ikerketak egitea ere eskatu dute. Azkenik, Irungo hiritarrek gaiaren inguruko iritzia zein den jakitea beharrezkoa dela aipatu dute.