Plaiaundiko pistak, Zubietan egin beharrean, Olaberria inguruko Bekoerrotara eramateko erabakia hartu zuen aurreko astean udal gobernuak.
Olaberria ingurua.
Plaiaundiko pistak, Zubietan egin beharrean, Olaberria inguruko Bekoerrotara eramateko erabakia hartu zuen aurreko astean udal gobernuak. Pisten leku aldaketaren harira, sortu berri duten Olaberriako Bailara Babesteko Plataformak (OPLA), Olaberriara eramateko erabakiak haranaren inguruko “adostasuna haustera” eramango duela salatu du.
“Harrituta” azaldu dira plataformatik, Olaberriara eramateko B plana publikoa egin dutelako lehenik, eta auzokide eta bizilagunei baino lehenago erabakia hedabide bati ezkutuan ematea leporatu diote. Plataformak 15 urtez baino gehiago “harana Irungo birika berdea” bezala defendatu ostean, “Olaberriako Haranaren Babes Berezirako plana ikertu eta bukatzear dagoen bitartean”, erabakia hartzea “egokia ez dela” uste dute plataformatik. Gainera, plataformarentzat, prozesu hori bidean dagoela, eta A aukera oraindik erabat bazterturik gabe dagoen bitartean, udal gobernuak B plan bat aurkeztea “kontraesana” dela argudiatu dute.
Gogora ekarri dute 2016an Udalak L.K.S. enpresari enkargatutako txostena. Horretan, Olaberriako haranaren ondorengo ezaugarriak nabarmendu zituzten: paisaia edertasuna, ingurumen balioa, kultur eta landa ondarea, aisialdirako espazioa eta bizikletan ibiltzeko toki paregabea.
Horregatik, OPLA plataformatik, Plaiaundiko pistak “beste espazio batetara” eramatea eskatu dute, eta udal gobernuari, hiru hamarkada eta gero, orain 2019 baino lehen pistak aldatzeko “presa” izatea leporatu diote, aldaketak alde batera utzi ezkero, etorriko liratekeen “isunak” direla-eta. Olaberria B plantzat hartzeko eskaera luzatzeaz gain, Hondarribiako Udalarekin hitzartutako A plana “mantentzea” eskatu dute. Gainera, “beste kokapen berriak” ikertzeko eskaera egin dute.