Itsasoan eta Jaizkibelen zabaldu dituzte Enrike Lekuona zenaren errautsak. Larunbatean egin zitzaion azken agurra itsas ingeniariari.
Askoren artean dantzatu zioten agurra Enrike Lekuonari
Jendetza elkartu zen larunbatean Enrike Lekuona omentzeko Hondarribiko kai berrian eta Jaizkibelen egin ziren ekitaldietan.
Hilaren 12an hil zen, Sustraia elkarteko kideekin zaharberritzen ari zen
Mariñel ontzian bi aste lehenago edukitako istripuaren ondorioz. Larunbatean, haren errautsetako batzuk itsasoan zabaldu zituzten, eta mendian beste batzuk.
Itsas ingeniaria lanbidez, hainbat elkarte eta erakundeetan boluntario lana egin zuen, hala nola, Aranzadi Zientzia Elkartean, Arkeolanen, Albaolan, Hondaen, Sustraian… Asko izan ziren bere omenaldian egon nahi izan zutenak, eta urrutitik ere hurbildu ziren Lekuonaren lagunak, Londresko Arkeologia Museoko arduradunak eta Madrilen ikaskide izan zituenak, horien artean.
Ekitaldian zehar argi geratu zen denbora asko beharko dela gertatutakoa onartzeko. Mikrofonora hurbildu ziren guztiek ingeniariaren ezaugarriak goratu zituzten eta utzitako ondarea nabarmendu zuten. Hain zuzen ere, Lekuonak diseinatutako
Gure Itxaropena arrantza ontzian eraman zituzten bere errautsak emazteak eta bere lau alabek, itsasoan zabaltzeko.
Kai berriko ekitaldiaren ondoren senideak eta lagunak mendian elkartu ziren, Justiz aldean, azken agurra kantuan emateko. Errautsetako batzuk familiak gorde zituen, eta Jaitzubian lurperatuko dituzte, Eguzki Baitan haien etxean.
Lekuonak berak diseinatutako ‘Gure Itxaropena’ barkuan eraman zituzten haren errautsak itsaso aldera