Udalari eta EAJri kritika luzatzeaz gain, San Miguel Anakaren kokapenaren "aldeko apustua" berretsi du koalizio abertzaleak.
Irungo EH Bilduk aurkeztutako proiektuaren irudia.
Plaiaundiko pisten leku aldaketaren harira, Irungo EH Bilduk adierazpenak egin ditu. Udalak aurkeztutako aukeren aurrean, koalizioak pistak San Miguel Anakara eramateko proiektua aurkeztu du.
Lehenik eta behin, Bekoerrotaren kokapenaren inguruan, “hirirako ondorio larriak ekar ditzakeen proposamena” dela argudiatu dute, bere garaian “planteatu ziren zailtasun teknikoez gain, ingurumen aldetik bereziki ondo babestu” beharreko eremua delakoan. Egun, egoeraren “arduradun nagusiena” PSE-EE izan dela aipatu dute, Jose Antonio Santano alkatea gaiarekin “bueltaka ibili” dela. EAJk ardura hartu zuenetik aurreko astera arte “aldaketarik ez dela izan” salatu dute. Horregatik, alderdi jeltzaleari “akats historikoa ez egiteko” eskaera luzatu diote. Gainera, Bekoerrotaren aukera “inoiz benetakoa ez dela” izan esan dute, euren programan “urteetan islatu baitute eremu horrek Irungo birika berdea izaten jarraitu behar zuela”.
Udalari eta EAJri kritika luzatzeaz gain, San Miguel Anakaren kokapenaren “aldeko apustua” berretsi du koalizio abertzaleak. “Erabat konbentzituta” azaldu dira, gainontzeko aukerekin alderatuta, “aukera onena dela”, irisgarritasun eta eskaintzen dituen hiri kirolaren integrazioagatik. Horregatik, “inoiz baino indar gehiagorekin”, San Miguel Anakako kokapena “berreaztertzea” eskatu dute, erregistro bidez, eta horretarako “diru partida bat zabaltzea”. Azkenik, herritarrei “ahotsa emateko” eskaera luzatu diote Udalari, “azken urte hauetako ibilbidea inoiz gehiago ireki beharko ez genukeen kaxa batean gordetzeko”.