Irungo Plaiaundiko pisten leku aldaketaren eztabaidak jarraitzen du. Zubieta lehen aukera izan arren, Udalak bigarren aukera berri bat aurkeztu du azken egunetan: Olaberria auzoko Bekoerrota eremua.
David Soto, gaurko prentsaurrekoan.
Irungo Plaiaundiko pisten leku aldaketaren eztabaidak oraindik jarraitzen du.
Zubieta lehen aukera izan arren, udalak bigarren aukera berri bat aurkeztu du azken egunetan: Olaberria auzoko Bekoerrota eremua. Erabaki horren aurrean, Si Se Puede Irun (SPI) udal taldeko David Sotok, hainbat kontu argitu ditu gaurkoan.
Lehenik eta behin, azken 20 urteetan PSE-EEren gobernuak Plaiaundiko pisten gaian “beste alde batera begiratu duela” salatu du, gaiari “garrantzia handirik gabeko” kontua balitz bezala egin diotela aurre. Horrek denbora galera ekarri du SPIren ustez, “beste urgentziazko aukera” batzuetan zentratzera behartu dituela udal ordezkariak.
Nahiz eta alkateak azken egunetan Bekoerrotaren aukeraz hitz egin, “bere lehen aukera Zubietakoa” dela nabarmendu nahi izan du David Sotok. Gainera, 2014eko memorian, udalak kirol pistak Olabarriara eramatearen desegokitasuna onartu zutela salatu du SPIk. Irungo EAJk hainbat programetan esandakoa ere gogorarazi nahi izan du aldi berean SPIk: “Olaberria Irungo birika berdea da”. Horregatik, ez dute alderdi jeltzalearen erabakia ulertzen –udal gobernu taldeko kide da EAJ—.
Duela hilabete, udalak Zubietako eremua “aukera bakar” bezala ikusten zuela baietsi du Sotok, “gaur beste instituzioei errua botatzen dieten bitartean hori aurrera ez doalako”.
Horregatik guztiagatik, udalari eta Irungo EAJri Olaberria auzoan “kontsulta parte hartzaile” bat egitea eskatzen diete Si Se Puede Irun taldeko kideek. Beste alternatiben inguruan, “bat ere ez aurrera eramatea” eskatu dute formaziotik, “denbora galtzearen eta inprobisazioaren” ondorioa delakoan.