Ander sarratea ficobako zuzendari kudeatzailea da. Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazoka egonkortu egin dela uste du irundarrak, eta aurrera begira profesionalak bilduko dituzten azoka eta kongresuetan jarri du begia.
Sarratea 2012tik da Ficobako zuzendari kudeatzailea.
Bidasoko euskarazko hedabideen Solasean elkarrizketa zikloaren barruan —
Antxeta Irratia,
Irunero,
Txingudi Online eta Oarso Bidasoko Hitzaren iniziatiba da—, Ander Sarratea Ficobako zuzendari kudeatzaileak Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazokaren egunerokoari errepasoa eman dio. Ficobaren etorkizunarekin baikor da.
2017an dagoeneko ekitaldi mordoa egin dira Ficoban. Nola doa urtea?
Oso ondo hasi da. Lehen sei hilabeteetan ekitaldi asko izan ditugu, eta niretzat garrantzitsuena dena, horietatik batzuk berriak izan dira. Eta etorri diren horiek, izan duten arrakastagatik, gurean geldituko dira. Pozik esan dezaket lehen sei hilabete hauek onak izan direla.
Erakustazoka baino gehiago al da Ficoba?
Nik uste dut hala dela. Mugaz gaindiko proiektu bat da, eta ahal den moduan muga hori desagertzea da gure lehen helburuetako bat. Ipar Euskal Herriko biztanleek hemen badute aukera bat ekitaldiak antolatzeko eta elkar ezagutzeko. Finean, helburu europarra du Ficobak. Baina baita ere bultzatu nahi duguna da ekonomia, kulturarekin, profesionalekin eta ekonomiarekin lotutako ekitaldiekin. Edozein erako ekitaldiak antola daitezke hemen, eta hori balioan jarri nahi dugu. Gure aktibitatearen muina da pertsonen arteko elkar eragina sortzea, elkar ezagutzea.
Azken urteetan jarduerak dibertsifikatzera jo duzue. Zergatik?
Dibertsifikazioa sektore guztietan garrantzitsua da, zerbaiten gaineko dependentziarik ez izateko. Azokako ekitaldiak izan behar dira, baina areto eta auditorioko ekitaldiak ere antolatu behar ditugu, oreka bat izateko, eta baten bat desagertzen bada eragin kaltegarririk ez izateko Ficoban. Beti bilatu behar da dibertsifikazioa.
Krisaldia ere nabarituko zenuten Ficoban. Esaterako, Bilbao Exhibition Centerrek (BEC) milioietako zorra pilatu du azken urteetan. Eta erakuskazoken sektorean, oro har, krisiak gogor jo du. Nola aurre egin diozue krisialdirari?
Guk analisi bat egin genuen. Azoken sektorea nola zegoen aztertu genuen, Espainiako Estatuan, baita Europan ere. Horren arabera ikusi genuen aukera bat zela krisialdia Ficobarentzat. Gu Espainiako Estatuko erakustazokarik txikiena gara; esan nahi dut, beste erakustazoketan egiten ziren jarduerak txikitu egin ziren, hortaz, erakustazoka handiagoetan espazioa soberan izaten zuten. Guk, gure esparruan, ez dugu nabaritu hainbeste krisialdia bertan egiten direnak formatu txikiagoko azokak eta jarduerak direlako. Horrek gu oso errentagarri izatera eraman gaitu, produktibitate handia izatera. Krisialdiak aukera eman digu sektorean hobeto kokatzeko, eta azoken eta bestelakoen antolatzaileak gurera ekartzeko. Izan ere, beste tokietan ekitaldi horiek antolatzea askoz ere zailagoa litzatekeelako, batez ere espazio kontuengatik, eta espazioen prezioagatik.
Zeintzuk izan dira aukera berri horiek?
Autokarabanen azoka, antzinako objektuena… Asko. Azkenean, antolatzaileek errentagarritasuna eskatzen dute, eta horrekin ateak zabaldu zaizkigu.
BEC aipatu dugu, Bordeleko erakustazoka ere alboan dago… Nolakoa da haiekin harremana? Konpetentziarik ba al dago?
Ez daukagu konpetentziarik. Gu gara Gipuzkoako pabilioia. Egia da ondoan BEC dugula, Iruñean Refena dago, eta Miarritzen Irati erakustazoka dago. Bakoitzak bere bidea jarraitzen du. Baina instalazioak ez dira dena. Behar dena da lantalde profesional eta sendoa, eta urteekin ikasi dituen gauzak bezeroei aportatuko dizkiena. Eta hor gu oso ondo finkatuta gaude.
Bestalde, ondoan, oinarrizko azpiegiturak ditugu: topoko eta treneko geltokiak ondo-ondoan ditugu — bai Hendaian zein Irunen— eta esan dezakegu toki estrategiko batean gaudela. Lantaldearekin eta kokapenarekin lortzen ari gara pixkanaka-pixkanaka gauzak aurrera ateratzen.
Hamalau urte beteko dira urrian Ficobak ateak zabaldu zituenetik. Hasieran aurrera ateratzea kostatu zen, ekonomia alorrean batez ere. Egun, hasieran egin zen inbertsioa amortizatuta dago. Nola dago ekonomikoki erakustazoka?
Hurrengo urtean egingo ditugu 15 urte. Eraikina ordainduta dago, ez dago zorrik. Baina hala ere Ficobak Irungo Udalaren laguntza behar du mantenua ordaintzeko. Baina urtetik urtera beharrezkoak dituen diru laguntza publikoak txikiagoak dira, eta bidea hori izan behar da. Hurrengo erronka izango da, 3-4 urtean, ez izatea erakundeen dependentzia finantziariorik. Eztabaidarako gai izan daiteke hori ere: hori al da Ficobaren helburua, hau da, laguntza publikoak ez izatea; edo izatea eta azoka gizarteratuago egotea? Horrekin zer egin zuzendariek erabaki behar dute.
Azoken sektoreari, epe laburrera, zein norabide ikusten diozu?
Batez ere Gipuzkoan badugu oraindik bide luze bat egiteko. Bertan egiten diren gisako azokak ez ziren existitzen Ficoba iritsi arte. Oso gazteak gara. Nik uste dut Gipuzkoan eta gure inguruan dagoen ekonomian behar dela horrelako lanabes bat enpresek gehiago eta hobeto sal dezaten, eta horregatik diot bide luzea dugula egiteko. Zenbat eta ekitaldi profesional gehiago Ficoban antolatu, aberastasun gehiago utziko dute gure inguruan. Hori da da gure hurrengo erronketako bat: jarduera profesional gehiago erakartzea.
Sarratearen ustez, Ficobak azoka eta kongresu profesionalak jasotzeko ahalegina egin behar du.
Zein eragin du Ficobak Irunen?
14 urte hauetan, hasteko, eragin sozial garrantzitsua lortu du Ficobak hirian. Gure azoketan bisitarien kopuru handi bat Bidasokoa da; ez gehiena, %25-30 dira bidasoarrak. Hemen egiten diren ekitaldi gehienak publiko orokorrarentzat dira, berriak dira maiz, eta horregatik, jendeak interesa duelako, hurbildu da hona. Bioterra azoka da horren erakusle garbia.
Bidasoko publikoak zein azoka edo ekitaldi ditu gustukoen?
Batez ere Bioterra eta Gabonetako Haur Parkea. Azken honek 20.000-24.000 pertsona artean mugitzen ditu.
Jendeak eskatzen al du ez dagoen azokaren bat, berria den zerbait?
Beti adi ibiltzen gara gu. Hain justu, aurten, eskulan azoka bat egingo dugu irailean, Harri Orri Ar du izena. Jendeak eskatu dizkigunen arteko bat izan da hori, adibidez, Bartzelonan edo Bilbon ikusi dutelako. Modan daude etxean egindako gauzak. Harremanetan jarri gara Bartzelonako antolatzaile batekin, eta horri esker aurten lehenengoz antolatuko dugu Harri Orri Ar feria.
Beti sortzen dira aukerak. Belarriak entzuteko prest izan behar dituzu beti. Jendeak ideia onak izaten ditu, eta saiatzen gara gure plangintzaren barruan txertatzen ideia horiek.
Jasotako ideien artetik, zororen bat edo egin ezin daitekeen horietakoren bat ba al da?
Asko. Ezin dira aipatu, baina badaude. Jende askok sektore hau ezagutzen du, baina azpitik dagoen lana ez. Baten bat ideia batekin etorri, eta konturatu da egitea ezinezkoa zela. Gipuzkoan ekitaldien munduan profesionalak falta zaizkigu, eta hori lortzen saiatu behar gara pixkanaka-pixkanaka, ekitaldiak antolatzeko gaitasuna duten profesionalak.
Zer nolako garrantzia ematen diozue komunikazioari?
Ezinbestekoa da. Guk ez badugu ondo eta nahikoa komunikatzen, inork ez luke gutaz ezer entzungo. Saiatzen gara bai prentsa arduradunarekin bai eta sare sozialekin ahalik eta gehien ezagutarazten gure jarduna.
Aipatu duzu herritarrek zein azoka edo ekitaldi dituzten gustukoen. Baina zuk zein duzu kuttunen?
Asko maite dut, hasieratik, Uhinak Klima Aldaketa eta Itsasertzari Buruzko Mugaz Gaindiko kongresua. Nik horrelako kongresu bat aukera on bezala ikusi nuen, non kokatuta gauden ikusita batez ere, eta tematika ere oso garrantzitsua delako. Hainbat tokitako teknikariak eta zientzialariak klima aldaketari buruz hitz egitea garrantzitsua da.
2003ko urrian zabaldu zituen ateak Ficobak. 15 urte beteko ditu 2018an. Heldutasunera iritsi da?
Egitasmoa oraindik gaztea da, denbora utzi behar zaio. Lehendabiziko erronkak pasatu ditugu: Ficoba gizarteratu da, jendeak ezagutzen du, ekitaldiak gero eta gehiago dira, diru kontuak orekatuta daude… Orain perspektibarekin ikusi behar duguna da hurrengo 15 urteetan zer nolako Ficoba nahi dugun.
Ficoba oraindik paperean zegoenean, duela 14 urte, zein pertzepzio zegoen gaiaz?
Ni orduan ez nengoen. Baina badakigu egitasmo berriak sortzen direnean beti daudela eztabaidak. Egitasmo hau txikia da, arrisku gutxikoa zen hasieratik, eta aurrera atera da. Egun oraindik egongo dira pertsonak esaten dutenak hemen beste zerbait egin zitekeela, baina Ficoba hemen dago, eta aurrera atera behar da.
Baina urte hauetan iritzi aldaketarik ere izango zen.
Bai, batez ere ikusita zenbat jende etortzen den gure ekitaldietara, eta sare sozialetan guri buruz zer esaten duten ikusita ere. Ficobak badu bere lekua hemen, jende asko erakartzen du; Ficoban Bioterra egingo ez balitz, adibidez, etorriko al litzateke Euskal Herriko herrietatik hainbeste jende hona, Irunera?
2018an 15 urte. Aurreikusi al duzue ekitaldi berezirik?
Nik ez ditut gustuko sona handiko ekitaldiak. Proiektua sendotzeko baliatu behar dugu urteurrena, baina jada antolatuta dauden iniziatibetan antolatuko ditugu gauzak. Ez dut uste ekitaldi berezirik egingo dugunik.
uetxebeste@hitza.eus