Irungo EH Bilduk, Sanmartzial egunaren harira, hainbat kontu argitzeko agerraldia egin du.
Jokin Babaze, alarde publikoko bandera jaso berritan.
Aurreko astean amaitu ziren San Pedro eta San Martzial jaiak. Irungo EH Bilduk, Sanmartzial egunaren harira, hainbat kontu argitzeko oharra prestatu du.
Lehenik eta behin, “San Martzial Eguna, Irungo herritarren gehiengoari esker, berriz ere jai-giroan” ospatu zela nabarmendu nahi izan dute. Batez ere, horrelako egunek, koalizioaren iritziz, “gure herriko gazte horiengan jarri beharreko konfiantza” berretsi egin dute. Gainera, Irungo gazteak “udal egitarauan agertzen ez den jaien ospakizunik nagusi honen zentzua aldatuko” dutenak izango direla aipatu dute, alarde publikoari erreferentzia eginez.
Irungo alkate Jose Antonio Santanori zuzendu dira, “duen kontzientzia lasaitasuna bistakoa bada ere, berak oso ondo daki elkarbizitza arazoak ez ezik irundar guztion benetako berdintasun bermea ere jorratuko dituen elkarrizketarako guneak bilatzeko ardura” duela.
Ekainaren 30ra arte, koalizioak alkateari bere “jokabidea aldatzeko” eta “alarde parekideari harrera” egiteko eskaera luzatu ziotela gogorarazi dute, eta alkateak “uko egin” ziola horri. Gainera, “soilik alarde parekideari” harrera egin dion alderdi bakarra EH Bildu izan dela ohartarazi dute, aitortu arren “gure herrian alardea bizitzeko modu ezberdinak daudela”. Beraz, alkateak EH Bildurekin bilera bat egiteko asmoa publikoki agertu zuenez, hori onartu, “eta bilera horretarako eguna eta ordua jartzeko deia” egiten diete gainontzeko alderdi guztiei.
Azkenik, koaliziotik “beti, elkarrizketa oinarri duen irtenbide baten aldeko apustua” egiten dutela aipatu dute, eta horregatik, alkateak agertutako borondatea “zintzoa izatea” espero dute.