Leka Enea Irungo mahai teniseko taldeak emaitza oso onak lortu ditu Almeriako Espainiako Txapelketan, bakarka, binaka eta taldeka.
23 urtez azpikoen taldea, urrezko domina soinean.
Ekainaren 23tik hilaren 2ra Almerian (Andaluzia, Espainia) Espainiako Mahai Teniseko Txapelketa jokoan izan da. Bertan egon dira Irungo Leka Eneako hamabost bat kide, eta eraginkorra izan da haien jarduna: sei domina lortu dituzte. Sanmartzialetan ez egoteak merezi izan du, beraz. Izan ere, iaz lau domina lortu zituzten jokalari irundarrek Espainiakoan.
Banakakoan, aipatzekoa da Endika Diezek maila absolutuan lortu zuen urrezkoa, bikotekakoan, haren lagun Alvaro Roblesekin batera. Banakakoan ere, baina 23 urtez azpikoetan, Dani Palaciosek brontzea irabazi zituen bikoteka, eta bakarka. Palaciosek urrea eskuratu zuen ere 23 urtez azpikoen taldekakoan.
Bai, hala da. 23 urtez azpikoetan Leka Enea txapeldun. Jon Ander Gerrikagoitiak, Hodei Manchak, Endika Gonzalezek, Rodrigo Canok eta Dani Palaciosek osatutako taldeak urrezkoa irabazi zuen, finalean atzetik hasi arren, partida gogoangarrian.
Kimu Mailan, CTT Badalona taldean jardun zuen Aimar Chamorrok zilarrezko domina irabazi zuen; eta Leka Eneako talde mistoak finalean kale egin, eta gogoan izateko zilarrezkoa ekarri zuen Irunera.
Gainontzeko partaideen lana goraipatu nahi izan dute Leka Eneatik, nahiz eta dominarik ez eskuratu. Iker Garcia, Aieko Olea, Mikel Angulo, June Garcia, Anne Felipe, Francisco Ruiz, Sara Martinez, Maria Romero, Elene Sagardia eta Jaime Vidal izan ziren irundarren artetik Almerian izan ziren beste kirolariak.