Euskal erakunde guztiek bidali dituzte ordezkariak Alarde Parekideari harrera egiteko. Horien erreakzioetan, oraindik bidea egiteko dagoela nabarmen gelditu da.
Jokin Babaze, Irungo bandera jaso berritan.
Alarde publikoa bidea egiten ari da. Gaur, desfilea egin du emakumeez eta gizonez osatutako konpainien alardea 09:40an abiatu da Urdanibia plazatik San Martzial kalean gora, San Juan plazaraino. Han, Inma Landa generalak konpainien errebista egin du, eta ondoren, deskargaren burrunba iritsi da. Festa handia Irunen. Konpainiak Irundik barrena abiatu dira festa zabaltzera, txilibitu hotsak, emakumeek eta gizonek jarrita, zabaltzera. [Behean HITZAk jaso dituen lehen argazkien galeria]. 1.300 lagunekoa da alarde ez baztertzailea. Joaneko bidea euririk gabe egin dute, baina zaparradaren bat jaso dute azken tartean. Junkalen, pozik arraio zeuden konpainietako kideak, bidea bukatzear zutela.
San Juan plazan, udaletxeko arkupetan, erakundeetako ordezkariak zituzten zain Alarde Publikoko kideek. Aldundikoak, Jaurlaritzakoak (Emakunderen bitartez), Arartekoa, Irungo udalbatzan ordezkaritza duten alderdietako kideak (Si Se Puede Irun eta EH Bildikoak soilik)… Hau da, erakunde guztietako ordezkariek egin diote harrera parekideari.
Bidasoa konpainiako Jokin Babazek jaso du hiriko bandera EH Bilduko zinegotzi Joxe Cayetanoren eskutik. Aurreko urtean, haren arreba Aizpea Babazek jaso zuen bandera, Denis Itxasoren eskutik.
Aldundiaren ordezkari ofizial moduan Denis Itxaso izan da, eta Fernando San Martin (PSE.EE), Juantxo Iturria (Ahal Dugu) eta Xabier Olano (EH Bildu) ere izan dira. Legebiltzarkideen aldetik, besteak beste, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Oihana Etxebarrieta izan dira harrera egiten.
Manu Lezertua Arartekoak eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak ere parte hartu dute alarde parekideari babesa emateko ekintzan. Jose de Andres Espainiako Gobernuaren ordezkaria alarde baztertzaileari harrera egiten egon da. Parekideari ez, ordea.
Ondokoak, HITZAk udaletxe parean jasotako hainbat erreakzio, Alarde Parekideari buruzkoak:
Manu Lezertua (Arartekoa):
“Nik uste dut aurrerapausoak badaudela, giroa gero eta lasaiagoa da. Gauzak daude konpontzeko, baina hemen ikusten den giroa baketsuagoa eta parte hartzaileagoa da. Gu saiatzen gara herri agintarien eta hiritarren artean komunikazioa lantzen bizikidetza berdintasunean garatzeko, festa integratzailea izan dadin, berdintasunean oinarrituta. Gero eta oreka handiagoa dago, eta emakumeak espazioa bereganatzen ari dira alardean”.
Juantxo Iturria (Ahal Dugu-Podemos):
“Parekidearen aldeko posizioa erakutsi nahi dugu. Ez dugu ulertzen hainbeste urtez hau gertatzea jai batzuetan. Berdintasuna behar da, jaietan ere. Euskal erakundeek ausardia izan dezatela, eta alarde parekidea babestu”.
Maddalen Iriarte (EH Bildu):
“Zoriondu nahi ditugu Irungo emakume eta gizon guztiak haien egun handian ondo pasatzeko hautua egin dutelako. Baina oraindik jaia ez da berdintasunean ematen 21 urte eta gero, urratsak eman dira, baina berdintasunik ez dago, urrats sendoagoak eman behar dira. Ahaldun Nagusiak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hemen egon beharko lukete. Txalotu egin nahi dugu urte osoan parekidetasunaren alde lan egiten duten emakume eta gizon horien lana. Javier de Andres [Espainiako Gobernuaren ordezkaria], behin etorriz gero, hark ere emakumeek parte hartzen duten festa babestu beharko luke. Festa bakar bat babestu du, alarde baztertzailea. PPk festa parekideari babesik ez ematea nabarmentzekoa da”.
Denis Itxaso (Gipuzkoako Foru Aldundia):
“Parekideari babesa ematen diot. Egun, aukera badago festa ulertzeko modu ezberdinak uztartzeko. Gazteek batez ere festa nahi duten moduan ulertzen dute. Festetan berdintasunean parte hartzeko aukera sustatu behar dugu. Denbora batez bi alarde diferentek elkarbizi behar badute, ez dago ezer egiterik, baina alarde parekide baterantz joan behar dugu. Ez luke lagunduko nik gainontzeko agintarien jarrerari buruz hitz egiteak. Nik badakit nik neuk zer egiten dudan”.
Izaskun Landaida (Emakunde):
“Alarde Parekideari babesa ematera etorri gara. Gero eta herri gehiago dira herritarren babesarekin berdintasunaren aldeko urratsak ematen ari direnak jaietan. Ohiturak mantentzea inportantea da, baina garai berrietara egokitu behar dira, tradizio horiek indartzeko bidea hori da. Ez dago atzera bueltarik. Elkarrizketa behar da, anitza eta eraikitzailea. Irunen gero eta jende gehiagok parte hartzen du Alarde Parekidean, eta gero eta jende gehiago dago berdintasunaren alde, hori da indartu nahi duguna. Nik uste dut alardearen gaian Irungo herritarrek eta alardeen arduradunek euren artean hitz egin behar dutela. Eurena da hitza. Eta erakundeez aparte, herritarrek ere badute ahalmena aldaketa bultzatzeko, modu zintzo eta eraikitzailean. Lehendakariak garbi esan zuen gobernua ordezkatua izango zela gaur, eta ni naiz ordezkaria. Ezin da zalantzan jarri Iñigo Urkullu hemen ez egoteagatik, berdintasunaren aldeko urratsik ematen ez duenik Jaurlaritzak”.