Gazte Abertzaleak erakundeak, Eusko Jaurlaritzari eta Irungo Udalari eskaera zuzena bideratu die.
Iazko Irungo Alarde Tradizionalaren irudia.
Gazte Abertzaleak erakundeak, Eusko Jaurlaritzari eta Irungo Udalari eskaera zuzena bideratu die: «Alardearen diskriminazioa jasateari uztea». Gainera, Irungo Alarde Publikoari harrera egingo dietela gogorarazi dute kaleratu berri duten ohar batean.
Alarde «pribatu eta diskriminatzailaren aurrean» Udalak duen «tolerantziari bukaera» ematea eskatu dute. Gazte erakundeak, bihar, «Alarde publiko eta parekideko emakume eta gizonei» harrera egingo die.
Erakundetik, Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera «koldartzat» hartu dute, «Emakunderen atzean ezkutatzeagatik». «Emakumeak diskriminatuak ez izaten jarraitzeko» Eusko Jaurlaritzak baliabideak badituela aipatu dute. Hala eta guztiz ere, Udal Gobernuaren «onespenarekin», emakumeak «diskriminatuak izaten jarraitzen dutela» salatu dute EAko gazteek.
Hori guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari «neurri zehatzak» hartzeko eskaera luzatu diote gazte erakundetik, Irungo emakumeek «beren jaietan baldintza beretan eta diskriminaziorik gabe goza dezaten». Gainera, Irungo alkate Jose Antonio Santanoren jarrera salatu dute, Eusko Lehebiltzarreko Berdintasun Legea «bete ez izateagatik», alarde tradizionalari «fabore tratua» eskaintzen diolakoan.