Karpa gorriko Gazteguneak hamaika ekitaldi jaso ditu aurtengo sanmartzialetan.
Sanmartzialetan, Gazteguneak ekitaldi mordoa jaso ditu.
Irungo Santiago auzoko Gaztegunea sanmartzialetako leku enblematikoa bilakatu da. Gazteei zuzendutako guneak hamaika ekitaldi jaso ditu azken egunetan eta oraindik beste mordoaren erakusleiho izango da larunbatera bitarte.
Karpa gorri erraldoi horretan, Peña Poteo txarangak, esaterako, eguneroko saioa eskaini du, guneko giroa alaitzeko. Txarangaz gain, beste motatako musika saioak jaso ditu gazteen txokoak. La Basu, Huntza, Twin Melody edota DJ Oihan Vegak kontzertua jo dute azken egunotan. Postu txiki batean, gozokiak eta pegatinak eskura jarri dituzte, etxeko txikienek ere guneaz gozatzeko aukera izan dezaten. Gainera, zuzeneko graffiti saio ikusgarria egin dute.
Atzo, Bocabeats komikoen txanda iritsi zen. 19:00etatik aurrera, bertakoen irriak sortu zituen monologo saioa eskaini zuen bikote bizkaitarrak. Ondoren, 20:00etan, Soma Sound Sytem taldea Gazteguneko oholtza gainera igo ziren.