Gaurtik uztailaren 1era bitarte, Irun San Pedro eta San Martzial jaietan murgilduko da. Bederatzi egunez, 140 ekitaldi baino gehiagoz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Sanmartzialei ongietorria emateko sua piztuko dute gaur, 21:45ean, San Juan plazan
Datozen bederatzi egunetan, Irun txuri, beltz eta gorriz jantziko da. Gaurtik uztailaren 1era bitarte, San Pedro eta San Martzial jaiak ospatuko dituzte hirian. Bidasoko lehen jai handiei ongietorria egingo diete gaur gauean milaka eta milaka irundarrek. Sanmartzialak behar bezala ospatzeko, nola ez, egitarau oparoa prestatu dute.
San Juan plaza izango da jaien hasieraren agertokia. 20:45ean hasiko da sanmartzialen ongi etorriko ekitaldia, ohikoa den suaren inguruko aurreskuarekin, Kemen dantza taldearen eskutik. Ordura arte, ausartenak bertan kokatutako zuhaitzera igotzen saiatuko dira.
Ondoren, 21:30ean, Mateo Bergara
showmanak jaietako agurra egingo du udaletxeko balkoian. Handik ordu laurdenera, Irungo alkate Jose Antonio Santanok sua piztuko du San Juan plazan, 2017ko sanmartzialei harrera ofiziala egiteko.
140 ekitalditik gora
Sanmartzialetarako egitarau zabala antolatu dute. Alardeaz gain, interes handiko beste hamaika ekitaldi prestatu dituzte.
Orotara, 141 ekitaldik osatzen dute egitarau ofiziala, horietatik 83 udalak eta beste 53ak hiriko talde, elkarte eta eragileek antolatuta. Ekitaldi horien %95a kalean egingo dira. Amaia Kultur Zentroak jasoko ditu areto barruan egingo diren ekitaldiak, egitarau osoaren %5. Guztira, udalak jaietarako duen aurrekontua 316.769 eurokoa izan da.
Jaiak bitartean, etxeko txikiei zuzenduta, Irungo Katea, Behobia, Anzaran, Larreaundi, Anaka, Belaskoenea auzoetan eta Palmera Monteron atrakzioak egongo dira. Haur ikuskizunak eta familientzako emanaldiak ere ez dira faltako. Horiez gain, musika, dantza, kultur eta gastronomia ekitaldi mordoa prestatu dituzte, esaterako, hilaren 27ko Goazen! ikuskizuna Urdanibia plazan. Karruselak, azken urteetan bezala, Ficoban daude jarrita.
Kontzertuak Urdanibian
Jaietarako puntako hainbat kontzertu antolatu dituzte. Urdanibia plazak jasoko ditu handienak.
Ken Zazpi eta Mago de Oz dira karteleko talde nagusienak. Gainera, pop espainiar bertsioak egiten dituen Poptelera taldea ere oholtza gainera igoko da. Gaur, Ken Zazpi talde bizkaitarraren txanda da, 00:15ean. Bihar, 00:00etatik aurrera, Popteleraren saioa. Mago de Oz madrildarrek asteazkenean joko dute, 00:30etik aurrera.
Joko duten taldeen aukeraketa prozesurako —iaz bezala– herri bozketa bat jarri zuen martxan udalak. Bertan, udalak landutako 32 taldeko zerrenda baten arabera bozka eman behar izan dute irundarrek. Guztira, 2.766 herritarrek eman dute botoa, iaz baino 404 gehiagok.
Kontzertu nagusiez gain,hiriko taldeak hautatzeko prozesu berberean, telonero izateko boto gehien jaso dituzten tokiko taldeak Los Secos, Son de Rue eta New Straits izan ziren. Irungo talde horiek Ken Zazpirekin, Poptelerarekin eta Mago de Ozekin batera joko dute Urdanibiako oholtzan.
Hiru egunez Festan Blai!
Hurrengo egunetarako, hirugarrenez, Festan Blai! gunea kokatuko dute hirian. 14-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako txokoa hiru egunez irekiko dute.
Gaur, bihar eta astelehenean Euskal Jai frontoian ipiniko dute, 22:00etatik 00:00etara. Aurtengo gunean hainbat jolas, abesti saio edota erronka ezberdinez gozatzeko aukera izango dute Irungo gazteek. Txokoan eskumuturrekoak, txapelak edota betaurrekoak zozkatuko dituzte.
Udalak egoki ikusi du aurten ere gazteenei begirako gune hori prestatzea, eurek ere jaietan eremu propioa izan dezaten. Horrekin batera, gazteen artean kontsumoaren prebentziorako kanpaina abiatu du jaiak bitartean.
Jaietan ere presoak gogoan
Festaz gain, aldarrikapenak ere presentzia izango du. Euskal presoak gogoan izango dituzte irundarrek sanmartzialetan. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Gaurko, kartzela erreketa antolatu dute, 21:30ean, Urdanibian. Bihar, elkarretaratzea egingo dute Moskun bertan. Ostegunean, berriz, Peña kaleko eskaileretan elkartasun argazkia aterako dute. Azkenik, hurrengo asteko ostiralean (hilaren 30ean), presoen aldeko deskarga eta brindisa egingo dituzte Urdanibian.
2017ko sanmartzialak hasteko ordu gutxi besterik ez dira falta. Udaletxeko ordularian 21:45ak iritsi bezain laster, festak Irun beteko du. Joan daitezela festak giro on eta lasaian.