Betti Gotti elkarteko batzordeko kide da Zabalo. Urte guztian zehar lanean aritu ostean, biharko herri bazkarirako dena prest dute euskara elkartetik. Bazkaria Ficoban da, 14:00etatik aurrera.
Dena prest dute bihar Ficoban egingo duten herri bazkarirako.
Aurtengo herri bazkaria herrira eraman nahi zenuten, baina berriro Ficoban egingo duzue. Zer dela eta?
Bai, hala da. Ficoba ez dago horrelako ekitaldietarako prestatuta. Soilik azoka eta erakusketetarako da berez, beste edozein ekitaldi bertatik atera behar da. Horrek arazoak sortzen dizkigu. Bazkari herrikoia, herrian, eta herriarentzat nahi dugu. Hiriko beste ekitaldietan bezala, herri bazkaria herriko kale esanguratsuenetatik pasatzea nahi dugu. Zailtasun mordoa ditugu kontu honekin, baina zailtasunak zailtasun, gu aurrera goaz.
Zenbat lagun espero dituzue biharko bazkarirako?
1.700 lagun inguru espero ditugu biharko. Bi egunetan zehar izena emateko aukera eman diegu irundarrei. Prentsaurrekoan oso garbi utzi genuen bi egun horietan soilik zegoela aukera txartela hartzeko. Oraindik guri deika jende asko dago, eta bi egun horiek pasata, asko sentitu arren, epea itxi behar izan dugu. Gero, egunean zehar edozeinek joateko aukera izango du. Txartela ez izan arren ateak zabalduko ditugu.
Nolakoa da 2.000 lagun ingururentzat egun osoko egitaraua antolatzea?
Urtarrila bukaeran hasten gara biharko eguna prestatzen. Herri bazkaria antolatzeko lantalde bat dugu. Ordu askoko lana da, eta administrazioarekin egin beharreko bilerak kudeatzea zaila da. Gu boluntarioak garela jakinda, pisu eta zama handia da den-dena antolatzea. Hor bide asko egiteko dago oraindik.
Kuadrillen olinpiada jada jaietako ekitaldi enblematikoa bihurtu da.
Bai, erabat. Aurten, berritasun bezala, Konkis antzeko olinpiada ikusgarria egingo dugu. Gero, olinpiadetako partaide guztien artean pintxo-potea eskainiko dugu, beraien aportazioa eta jartzen duten giroa eskertzeko. Olinpiadetan zehar bi txaranga izango ditugu kaleak girotzen. Beraiekin Ficobara joango gara kalejiran. Bazkarian hainbat zozketa egingo ditugu, bazkariko txartelen bidez. Sorpresak izango ditugu, ez dugu gehiago esango [barrez].
Alardearen ondoren, San Martzial jaietako bigarren ekitaldi jendetsuena egitea lortu duzue.
Bai, egia da. Gainera hau askoz ere handiagoa izan daitekeela argi dugu. Behar duen handitasuna izatea gustatuko litzaiguke. Finean Irunen 62.000 biztanle bizi dira, eta guk 1.800entzako bazkaria eta 2.500-3.000 ingururentzako kalejira eskaintzen dugu. Jende gehiagorengana iritsi nahiko genuke.
Jada bederatzigarren herri bazkaria da aurtengoa. Helburu berririk hurrengo urteetarako?
Herri bazkaria handitu den heinean, eboluzio horretan, berdin handitu nahi dugula helarazi behar diogu udalari. Bileretan, denborarekin, lanketa bat egin behar dugula eta azpiegitura sendotzea beharrezkoa dela esango genioke. Aurten, badirudi udalak segurtasun eta prebentzio lanetan lagundu egingo digula. Eguneko parranda batean sinisten dugu, baina pasatu gabe. Bakoitza bere buruaren jabe izan dadila transmititu nahi diegu irundarrei. Finean, herritarrek eta gazteek ondo pasatzea nahi dugu.
Urtean zehar gazteen artean euskara sustatzeko beste hamaika ekintza antolatzen dituzue. Aipatu zuretzat esanguratsuenak…
Adibidez, aurten, niretzat balio handikoa den nerabeen inguruko proiektu bat egin dugu. 16-17 adin tarteko gazteei zuzendutako programa bat da. Adin horiekin gazte askok ez dute udaleku formatuko txangoetan parte hartzeko aukera izaten. Gazte horiei udaleku batzuk eskaintzen dizkiegu eta beraiek dira sortzaile eta antolatzaile. Udalekuetara joan baino lehen, beraiekin lanketa batzuk egiten ditugu, gustuko dituzten ekitaldiak prestatzeko. Beraiek hartzen dute iniziatiba. Hori aberasgarria da, beraien eskuekin gauzak egiteko ahalmena dutela ikustea aberasgarri zaie.