Alarde parekidearekin udalak azken urteetan izan duen jarrera salatzeaz gain, eskaera zuzena bideratu diote Jose Antonio Santano alkateari.
Atzo Irungo Udalean EH Bilduk egindako prentsaurrekoa.
Irungo EH Bilduk San Pedro eta San Martzial jaien inguruan zenbait kontu argitu nahi izan ditu. Alarde parekidearekin udalak azken urteetan izan duen jarrera salatzeaz gain, eskaera zuzena bideratu diote Jose Antonio Santano alkateari.
Lehenik eta behin, azken 20 urteotan udal gobernuak egindako «etikarik gabeko» ibilbidean zentratu dira. Irun jada sanmartzialetan murgildurik dagoela, «aspaldiko ohiturak» berdin jarraitzen dutela salatu dute. Udal gobernuak legalitatea «era argian urratzen» ez duen arren, etika «zaharkitutako apal batean» duela aipatu dute.
EH Bilduko kideen esanetan, azken urteetan, udal gobernuak izandako «nahitazko utzikeriak» jaietan «egoera nahasiak, bortitzak eta desatseginak» sortu ditu. «Nekatuta» azaldu dira, urtero, PSE-EEk «Irungo gizartearen zati handi bati bizkarra» ematen diolako, horrelako egoeretan «politikoki gehiago saltzen» duelako.
Gainera, «itxuraz ezkertiarra den» alderdi batek alarde pribatuari soilik babesa ematea leporatu diote. Udalak kaleratu berri duen jaietako programan «soilik alarde baztertzailearen irudiak» ipini dituztela salatu dute. Luis Mariano informazio bulegoan ere gauza berbera egin dutela aipatu dute. Hala ere, Irungo gizarteak «egoera horri buelta» emango diola argi dute.
Horregatik guztiagatik, Irungo alkate Jose Antonio Santanori eskatu diote hilaren 30ean Alarde Publikoari ere babesa ematea eta balkoian harrera egitea. Gainera, sanmartzialak berdintasunez eta errespetuz bizitzeko deialdia luzatu du EH Bilduk.