Aldundiaren ekimenez, Bidasoko turismo balioak Donostian izango dira ikusgai astebetez. Dies Oiassonis eta Hondarribia Blues Festival bertan izango dira.
Bidasoko eta aldundiko ordezkariak, gaurko aurkezpenean.
Bidasoa eskualdeak, gaurtik hasita eta astebetez, Gipuzkoako hiriburuan kokatuta dagoen
Explore San Sebastian Region Turismo Bulegoaren protagonista izango da. Eskualdeen Txokoa iniziatibaren barruan kokatu du asmoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak; diputazioak sustatzen du egitasmoa. Hala, donostiarrek eta hirian direnek eskualderen baliabide turistikoen berri izango dute astebetez.
Gaur aurkeztu dute Bidasoaren txokoa, besteak beste sektoreko eragileen aurrean. Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak gidatu duen ekitaldian, Jose Antonio Santano eta Txomin Sagarzazu Irun eta Hondarribiko alkateek euren herrien berri eman dute, bisitariei zer duten eskaintzeko azaldu dute. Haiekin izan dira Bidasoa Bizirik-en agintean dauden Miguel Angel Paez eta Maria Serrano, nahiz
Dies Oiassonis eta
Hondarribia Blues Festival-en antolatzaileak; uztailari begira, horiek dira Bidasoko bi kultur ekitaldi garrantzitsuenak.
Bidasoko gastronomia, historia, natura eta kultur ondareak nabarmendu dituzte eskualdeko ordezkariek, horiek turismoa erakartzeko ahalbide bezala ulertuta. Eta orotariko jarduera horien berri Bidasoko hiru turismo bulegoetan jaso daitekeela; Hondarribiko Arma Plazakoa Gipuzkoan bisita gehien izan dituenen zerrendan bigarrena da, Donostiakoren ondotik.
Promozioa
Denis Itxasok adierazi du Eskualdeen Txokoaren funtzioa dela Donostian izaten den publikoa, eskualdeetara joan dadila. Kasu honetan, Bidasora: “Bidasoaldea erakargarritasun handiko era publiko oso heterogeneoarentzako aukera da”. Pasaitarrarentzat garrantzitsua da eskualdeen erakargarritasuna aitortzea, “lurraldera iristen diren bisitarien fluxuen arteko oreka gero eta handiagoa egon dadin”.
Horrela, Bidasoaren promoziorako txokoaz gain, Irungo Dies Oiassonisen eta Hondarribia Blues Festivalen gainean informazioa zabaltzeko ekitaldiak egingo dituzte hurrengo egunetan. Honakoak dira:
- Bihar (larunbata), Dies Oiassonis promozionatzeko photocall berezia jarriko dute San Sebastian Regionen bulegoaren parean.
- Hilaren 30ean. arratsaldez, Hondarribia Blues Festival girotzeko kontzertua Bulebarreko kioskoan.