Urtarrilean bost urteko zigorra ezarri zioten Elgorriagari, horietatik bi baldintzapean aske betetzeko. Alemaniako espetxealdia kontuan izan dute.
Larunbatean atera daiteke Fleury-Merogis espetxetik Tomas Elgorriaga Kunze hondarribiarra, bi urte eta erdi preso eman eta gero. 2014ko urriaren 31an atxilotu zuten Mannheim herrian, Alemanian. Gerora jakin zen hortik gertu, Friburgon bizi zela, eta bertan bizitza normala egiten zuela, izen faltsuarekin.
Atxiloketaren ondoren Frantziak Elgorriagaren estradizioa eskatu zuen. 2000ko hamarkadan Frantziako Estatuan auzi-ihesean epaitu eta zigortu zuten hondarribiarra eta ezarritako zigorra betetzeko euro agindu eskaera igorri zuen Parisko epaileak Alemaniakoari. Eskaera onartu egin zuten, baina epaiketa berriro egiteko baldintzarekin. 2015eko azaroan estraditatu zuten hondarribiarra, eta geroztik Fleury-Merogis espetxean egon da.
Aurtengo urtarrilean epaitu zuten Parisen eta martxoaren 2an ezagutarazi zuten epaia. Bost urteko zigorra ezarri zioten Elgorriagari, hiru urte kartzelan bete beharrekoak, eta beste biak baldintzapean aske. Alemanian preso emandako tartea kontuan izan du epaitegiak eta, maiatzean presoaren lagunek HITZAri baieztatu ziotenez, ekainaren 25erako ezarri zuten presoa askatzeko eguna. Data hori baino egun bat lehenago aterako da Tomas Elgorriaga espetxetik, hilaren 24an, larunbatez.
Ingurukoek jakinarazi dutenez, anaiak eta lagunak izango ditu presondegi atarian zain, harekin Euskal Herrira bidaiatzeko. Familia beldur da Espainiako Estatura entregatuko ote duten baina, printzipioz, ez dago horretarako arrazoirik, ez bete beharreko zigorrik, ezta euro agindu eskaerarik ere.
Tomas Elgorriagaren aldeko elkarretaratze bat, San Pedro kalean