Gizarte Ongizate zerbitzua eta Udaltzaingoa San Martzial eta San Pedro jaiei begirako prebentzio dispositiboak martxan jartzeko prest dira.
Pailazoen ekitaldi bat Urdanibia plazan
Gizarte Ongizate zerbitzua eta Udaltzaingoa San Martzial eta San Pedro jaiei begirako prebentzio dispositiboak martxan jartzeko prest dira. Jaietako aholkuak ematearekin batera, gazteenen artean arriskuak gutxitzeko hainbat ekintza abiatuko dituzte. Trafikoa eta mugikortasunean ere izango dute eragina hartutako neurriek, erdialdeko kaleetan trafikoa moztuko dute eta Gautxoriren zerbitzua indartuko dute hilaren 22a eta uztailaren 1a artean.
Gazteen artean edari alkoholdunen kontsumoa “arduraz” egin dezaten eta kontsumo horren arriskuak gutxitzeko Eusko Jaurlaritzaren
Aukeratu zure udako argazkia kanpaina baliatuko du udalak. Horretarako jai egitarauan kanpainaren kartela txertatu dute, eta kartel hori bera hiriko 56 taberna eta txosna eremuan banatuko du udalak. halaber, erabilera bakarreko 700 alkoholimetro eta edandakoaren araberako alkohol maila neurtzen duten gailu banatuko dituzte.
Hilaren 24a egun berezia izango da kuadrillentzat eta horri begira prebentzio programa egingo du udalak kale hezitzaileen bitartez. Arratsaldez berriz, alkoholemia prebentiboak egingo dituzte. Borondatezkoak izango dira, eta interesa duen edonor Fikoban kokatuko duten karpara jo dezake proba egitera. Azken urteetan bezala, Testing programa ere egingo du udalak, 23 eta 28ko gauetan, zehazki. Ailaket elkarteak informazio postua jarriko du Urdanibia plaza parean.
Indarkeria matxista
Indarkeria matxistaren prebentziorako neurriak ere hartuko ditu udalak, sentsibilizazioa landu eta berdintasuna, errespetua eta autonomia sustatzeko. Indarkeria matxistaren gaineko informazio gune bat izango da Ficoban hilaren 24an 17:30etik 20:30era, eta hilaren 28an Urdanibia plazan 18:00etatik 21:00etara.
Neska zein mutil, goxa eta bizi! leloa duten 5.000 pegatina banatuko dituzte, indarkeria matxistaren aurkako esaldiak dituzten 500.000 mahai zapi, eta esku gorriak dituzten pinak, halaber.
Trafikoari dagokionean neurriak hartuko ditu udalak jaietan. Erdialdea eta Alde Zaharra oinezkoentzat izango da hainbat unetan. Zehazki, hilaren 22tik, uztailaren 1a arte 20:00etatik aurrera ibilgailuentzat itxita egongo dira Alde Zaharra, Urdanibia, eta San Martzial kaleak. Udaltzaingoak beste sarrera eta irteerak prestatuko ditu inguru horietako bizilagunei erantzuteko. Garraio publikoa indartuko dute, bestalde, eta Gautxoriak orduero emango du zerbitzua 23:00etatik 06:30era bitartean.